Urrakiko 40. Igoerarako dena prest

Nerea Uranga 2022ko urr. 22a, 17:16

Bihar, igandea, jokatuko den Urrakiko 40. Igoera auto lasterketarako egiaztapen teknikoak eta administratiboak egin dituzte gaur arratsaldean.

Gaur, 15:00etatik aurrera, bihar Urrakiko 40. Igoeran parte hartuko duten auto gidariek eta autoek egiaztapen teknikoak eta administratiboak egin dituzte Azpeitiko Epaitegiaren aurreko plazan eta Garoa kafetegian.

Azpeitiko Landetako biribilgunearen eta Urrakiko gainaren artean jokatuko den Urrakiko 40. Igoeran parte hartzeko 44 pilotuk eman dute izena bihar. Besteak beste, lehian izango dira Joseba Iraola (Norma NP01), Aitor Manso (BRC B49, txapelketaren liderra), Iñaki Jauregi (Speed Car) eta Julien Salaberri (Speed Car). Horiez gainera, turismoen mailan ariko diren pilotuak dira Bruno Scherer (Porsche 911 GT3), Igor Urien (Citroen AX), Javi Elortegi (Seat 600), Alberto Marcos (BMW M3), Lebeiti (Renault Clio N5), Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3) eta Iokin Agirre (BMW M3). Alberdiz eta Agirrez gainera, etxeko pilotu gehiago ere ariko dira bihar Urrakiko maldetan: Iosu Alberdi eta Josu Mate azpeitiarrak, Ugaitz Olariaga eta Egoitz Odriozola azkoitiarrak, Gurutz Agirretxe errezildarra eta Ekain Otaegi beizamarra.

Bihar, igandea, 09:00etarako itxiko dute Urrakiko errepidea eta 10:00etan hasiko da entrenamendu manga bakarra, eta ondoren etorriko dira lasterketaren bi manga ofizialak. Antolatzaileek gogoratu dute ikusleek proba hasi baino ordu erdi lehenago egon beharko dutela lasterketa ikusteko aukeratzen duten lekuan, eta debekatuta dagoela ibilbide bazterrean autoak aparkatzea.

Sari banaketa 14:00 aldera egingo dute Antzibarrena industrialdean. Bestetik, lasterketaren emaitzak zuzenean jarraitu nahi dituztenek horretarako aukera izango dute fotomotor.es webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide