3x3 saskibaloi txapelketa, bazkaria eta musika, Esklaben laugarren urteurrena ospatzeko

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 22a, 19:03

Esklabak Zentro Sozialistaren laugarren urteurrena ospatzen ari dira gaur. Goizean hasi dira antolatutako ekintzekin, eta 3x3 saskibaloi txapelketa egin dute aurrena. 50 lagun inguruk parte hartu dute sariketan, hamalau taldetan banatuta. Jarraian, bazkaria eta sari banaketa egin dituzte, eta eguna borobiltzeko La Pulgaren flamenko ikuskizuna eta Broken Brothers Brass Banden kontzertua izan dira. 

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta, Esklabak Zentro Sozialistaren laugarren urteurrena ospatu dute gaur, urriak 22, goizetik hasita Esklaben atarian. Esklabetako I. 3x3 Txapelketa jokatu dute aurrena, 09:30ean hasita. Guztira, 50 lagun inguruk eta 14 taldek parte hartu dute txapelketan. Ibaiertz eta Chinocago 102 taldeak iritsi dira finalera, eta, azkenik, Ibaiertzek irabazi du txapela. Giro ederra sortu da hiru ordu luzatu den txapelketan zehar. Saskibaloi partidak amaituta, bazkaltzeko tartea hartu dute, eta 200dik gora lagun elkartu da bazkaritarako. Horren ostean sari banaketa egin dute. 

Ibaiertzek irabazi du 3x3 saskibaloi txapelketa, eta talde horretako kideek txapela, oroigarria eta ardo botila bat eskuratu dute. Chinocago 102 taldekoak sailkatu dira bigarren, eta haiek gazta bat eta bi ardo botila eskuratu dituzte. Sari banaketa ekitaldian, Esklabak Zentro Sozialistaren "garrantzia" azpimarratu, eta "horrelako espazioen alde lanean jarraitzeko eta antolatzeko" deia egin dute. 

Ospakizuna borobiltzeko, musika izan da protagonista arratsaldean zehar. Aurrena, La Pulga eta lagunak flamenko taldea igo da oholtzara, eta ordu eta erdi inguruko emanaldia eskaini du. Txalo zaparradarekin hartu dute Esklaben atarian elkartu diren lagunek. Haien ostean, Broken Brothers Brass Band taldearen txanda izan da, eta haiek dantzan jarri dituzte Esklabetara bertaratutako lagunak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide