Urriaren 27rako herri batzarrera deitu du Urrestillako Zurrunbillue herri lantaldeak

Nerea Uranga 2022ko urr. 23a, 10:35

Urrestilla, hilerritik ikusita. (Argazkia: Mailo Oiarzabal)

Batzarraren helburua "talde irekia eta anitza" osatzea dela esan dute, "aurrera begirako gauzen aurrean antolatuta egoteko eta herrian sor daitezkeen beharrei bide emateko".

Azpeitiko Udala herrigunetik kanpoko auzoetan bilerak egiten ari da, abenduan onartu nahi dituen 2023ko aurrekontuetarako herritarren ekarpenak jasotzeko. Urrestillan joan den urriaren 10ean egin zuten batzarra. Orain, Zurrunbillue Urrestillako herri lantaldeak herri batzarrera deitu ditu herritarrak. Urriaren 27an, ostegunean, egingo dute batzar hori, 19:00etan, gazteen lokalean.

Zurrunbilluek adierazi duenez, osteguneko batzarraren helburua "talde ireki bat eta anitza" osatzea da. "Azpeitiko Udaletik datozen gauzen aurrean antolatuta egoteko eta herri mailan sor daitezkeen beharrei edo eskaerei bide emateko" sortu nahi dute taldea.

Batzarrerako deialdia Urrestillako herritar guztientzako dela azaldu dute, baita ere herriko ekintzetan parte hartzera animatuko litzatekeen edonorentzat ere. "Gune horretan gure ikuspegia eta iradokizunak lasai mahaigaineratuz, ea Urrestilla hobeago bat eraikitzeko gai garen. Izan ere, indarrak batuta gauzak lortzeko aukera gehiago izaten da", adierazi du Zurrunbillue Urrestillako herri lantaldeak herri batzarrerako egindako deialdian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide