Euskal Herriko Dantza Txapelketako Guillermo Areizaga saria jaso dute Alaia eta Amets Amubietak

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 23a, 13:53

Lehenengo aldiz txapelketan parte hartu eta ongien sailkatzen direnei ematen diete Guillermo Areizaga saria. Atzo jokatu zen 46. Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran, eta Azpeitiko lau bikotek parte hartu zuten sariketan. Amubieta anai-arrebak laugarren sailkatu ziren. 

Alaia eta Amets Amubieta dantzari azpeitiarrek jaso dute 46. Euskal Herriko Dantza Txapelketako Guillermo Areizaga saria. Atzo, larunbata, jokatu zen Euskal Herriko Dantza Txapelketa Segurako (Gipuzkoa) Baratze pilotalekuan, eta Saioa Galarragak eta Julen Murgiondok osatutako bikoteak jantzi zuen txapela.

Amubieta anai-arrebek bikote gisa txapelketan parte hartzen zuten aurreneko aldia zen atzokoa, eta lehen hiru postuetan sailkatzerik lortu ez zuten arren, haiek jaso zuten lehenengo aldiz txapelketan parte hartu eta ongien sailkatzen direnei ematen dieten Guillermo Areizaga saria. Azpeitiko bikotea laugarren postuan sailkatu zen, 63 puntu eskuratuta. Horrenbestez, haiek jantzi zituzten Guillermo Areizaga sariko mantala eta gerrikoa. 

Guztira, bederatzi bikotek parte hartu zuten sariketan, eta horietatik lau Azpeitikoak ziren: Elaia Elortza eta German Aranburu, Alaia Amubieta eta Amets Amubieta, Irati Uzkudun eta Ekain Uzkudun, eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala. Azpeitiarrek ez zuten lortu txapelketako aurreneko postuetan sailkatzerik, baina sari bat, behintzat, ekarri zuten herrira.

Hona hemen sailkapena, osorik:

1. Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara): 74
2. Maren Alvarez-Gorka Granado (Lezo-Sopela): 72,50
3. Katerin Artola-Iker Belintxon (Oiartzun-Lezo): 70,50
4. Alaia Amubieta-Amets Amubieta (Azpeitia): 63
5. Ane Jaunarena-Endika Osa (Lezo): 62
6. Nora Aizpuru-Iker Zabala (Azpeitia): 62
7. Elaia Elorza- German Aranburu (Azpeitia): 59
8. Irati Uzkudun-Ekain Uzkudun (Zestoa-Azpeitia): 55
9. Leire Urrestilla-Iker Urrestilla (Zestoa): 51

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide