Joseba Iraola eta Iñaki Alberdi nagusi, autoen Urrakiko 40. Igoeran

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2022ko urr. 23a, 15:37

Barketen modalitatean nahiz sailkapen orokorrean Joseba Iraola izan da nagusi, 02:49:366 denbora eginda. Turismoetan Iñaki Alberdi azpeitiarra izan da garaile, eta Igor Urienekin eta Bruno Schererekin osatu du podiuma. 

Iazko garaipena berretsi dute Joseba Iraolak eta Iñaki Alberdik autoen 40. Urrakiko Igoeran. Gaur jokatu dute Lagun Artea eskuderiak antolatutako probaren 40. edizioa, eta Iraola eta Alberdi izan dira nagusi. Iraola Norma NP01 barketarekin lehiatu da, eta hura izan da azkarrena gaurkoan, 02:49:366 denbora eginda. Barketen modalitatean ez ezik, sailkapen orokorrean izan da nagusi pilotu galdakoztarra. Horrenbestez, ondo defendatu du faboritoaren titulua. Mendiko Igoeren Europako Txapelketan lehiatu da aurten Iraola euskal selekzioa ordezkatuz, eta bera zen Azpeitian irabazteko faborito nagusia. Iraolaren atzetik sailkatu dira Aitor Manso BRC B49-arekin (03:09.445) eta Iñaki Jauregi Speed Car GT1000-arekin (03:15.751). 

Turismoetan, lehia irekia aurreikusten zuten antolatzaileek, eta irabazle argirik ikusten ez zuten arren, azkenean etxekoak lortu du garaipena. Hain zuzen, iazko txapeldun Iñaki Alberdi (Porsche 911 GT3) izan da garaile turismoetan, 03:17.81 denbora eginda. Igor Urienek Citroen AX-arekin (03:18.260) eta Bruno Schererrek Porsche 911 GT3-arekin (03:22.506) osatu dute podiuma.

Ekain Otaegi beizamarrak lehen postua eskuratu du seigarren mailan. Otaegi BMV 325i autoarekin lehiatu da Urrakin, eta 03:41.120 denbora egin du. Joxe Labaka Azpeitiko pilotu beteranoak ere parte hartu du lasterketan, baina ezin izan du proba amaitu. Labakak parte hartu zuen 1978an Urrakin egin zuten lehen igoeran, eta 40. urtemugaren aitzakian, aurten ere Urrakiko maldetara animatu da. Pilotu azpeitiarra Mitsubishi EVO V-arekin lehiatu da gaurkoan. 

Guztira, 44 auto gidari lehiatu dira Urrakiko igoeran, eta giro ederra lagun jokatu dute lasterketa. Zaleek ere gozatu dute ikusitakoarekin. Euskal Herriko Mendi Igoeren txapelketetarako puntuagarria izan da gaurko lasterketa.

Eguerdian, 14:00ak pasatxo, egin dute sari banaketa. Antzibarrena industrialdean banatu dituzte sariak Lagun Artea eskuderiakoek, hara bertaratu diren zaleen txalo artean. 
 
Urrakiko 40. Igoerako sailkapena osorik, hemen
 
(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide