Skatearen diziplina desberdinak ikasteko aukera izan dute gaztetxoek skate parkean

Maialen Etxaniz 2022ko urr. 23a, 17:25

Holy Riders eskolako kideek ikastaro irekiak eskaini dituzte gaur goizean Izarraitz skate parkean, eta gaztetxo ugari animatu da horietan parte hartzera. Hain zuzen, skate, surfskate eta scooter modalitateetan trebatzeko trikimailuak ikasteko aukera izan dute parkera bertaratu direnek.  

Gipuzkoako hainbat herritan skaterako zaletasuna eta trebakuntza sustatzeko helburuz, October Skateparks Tour egitasmoa jarri zuten martxan Holy Riders skate eskolak. Oiartzundik, Hernanitik eta Donostiatik igarota, Azpeitian egin dute geldialdia gaur. Hori dela eta, herriko gaztetxoek skatearen diziplina desberdinak ikasteko aukera izan dute goizean zehar Izarraitz skate parkean. 

Skate, surfskate eta scooter modalitateetan trebatzeko tailer irekiak eta doakoak eskaini dituzte Holy Riders eskolakoek 10:00etatik 14:00etara, eta haur ugari animatu da horietan parte hartzera. Trikimailuak egiteko aholkuak jasotzeko, materialen inguruko azalpenak entzuteko eta kirol horiek egiterakoan lagungarriak diren hainbat kontu ikasteko aukera izan dute parkera bertaratu direnek. Holy Riderseko kideek azaldu dutenez, antolatutako birarekin, skaterako parkeak dauden herrietako gaztetxoak kirol horiek egitera animatzea nahi dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide