Hiru urteko etenaren ostean, bueltan da Jubilatuen Astea

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 25a, 11:23

Jubilatu batzuk bingo saioan, 2019an.

Izurriak eragindako geldialdiaren ostean, azaroaren 7tik 13ra egingo dute aurtengo Jubilatuen Astea. Askotariko ekintzekin prestatu dute egitaraua: bingo saioak, txokolatadak, hitzaldiak, arteterapia eta barreterapia saioak, ibilaldiak... izango dira. Igartubeiti museora egingo duten bisitan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da.

Baigera jubilatuen elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta, azaroaren 7tik 13ra bitartean egingo dute aurtengo Jubilatuen Astea. Azken hiru urteotan ezin izan dute festa hori nahi bezala ospatu, COVID-19aren izurriak eraginda, baina aurtengoan bueltan dira adinekoen ospakizunak. Askotariko ekintzekin prestatu dute egitaraua: besteak beste, bingo saioak, txokolatadak, hitzaldiak, arteterapia eta barreterapia saioak, ibilaldiak... izango dira.

Ekintza horien artean, bada aurrez izena ematea beharrezkoa izango den bat. Hain zuzen ere, azaroaren 10ean, ostegunez, Ezkioko (Gipuzkoa) Igartubeiti baserri-museora irteera egingo dute. 15:00etan abiatuko dira San Martin egoitzaren aurretik, eta museoa bisitatu ostean, afari-merienda egingo dute Aginagako Errasti sagardotegian. 20 euroko prezioa du ibilaldiak, eta azaroaren 7a izango da izena emateko azken eguna. Ohi bezala, Baigeraren egoitzan egin beharko da izen ematea.

Asteari bukaera emateko, 90 urteko herritarrei omenaldia egingo die Baigerak. Azaroaren 13rako egun osoko egitaraua prestatu dute: hamaiketakoa, hildako bazkideen aldeko meza eta bazkaria nahiz 90 urteko herritarrei omenaldia izango dira. Bazkaria Kiruri jatetxean izango da, eta norberaren kontura izango da hara joan-etorria.

Egitaraua

Hona hemen Jubilatuen Asteko egitaraua:

  • Azaroak 7, astelehena. Bingoa, Sanjuandegiko Baigeran, 16:00retan. Ondoren, txokolatada.
  • Azaroak 8, asteartea. Arteterapia Irantzu Iturberekin, eta barreterapia Manex Beristainekin, 16:00retan.
  • Azaroak 9, asteazkena. Miren Egigurenen Venezuelako bizipenen inguruko hitzaldia. Petare, Miren Egigurenen puskak liburuaren idazle Leire Ibargurenek egingo du aurkezpena, 16:00retan, Baigera aretoan. Ondoren, mokadua izango da.
  • Azaroak 10, osteguna. 15:00etan, txangoa Ezkioko Igartubeitiko tolare baserrira. Ondoren, Aginagako Errasti sagardotegira joango dira.
  • Azaroak 11, ostirala. Bingo berezia, 16:00retan, Baigera Ien. Ondoren, eguneko zentrokoentzat txokolate jana.
  • Azaroak 12, larunbata. Azpeititik Urrestillara mendi irteera, 08:30ean. Ondoren, hamaiketakoa Sanjuandegiko Baigeran.
  • Azaroak 13, igandea.
      -11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.
      -12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.
      -14:15. 90 urtekoen omenaldi bazkaria eta opari banaketa, Kiruri jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide