Larruzko paletako Gipuzkoako kluben arteko finala jokatuko dute Martijak eta Sanchezek

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 27a, 09:07

Sanchez eta Martija (argazkian, eskuinean), joan den asteko finalaurrekoa hasi aurretik. (Utzitakoa)

Hirugarren mailako finala jokatuko du Ilunperen erreminta saileko bikoteak etzi Olaberrian, Andoaingo Gazteleku klubeko ordezkarien kontra. Datorren urtean bigarren mailan ariko dira Azpeitiko palistak.

Eneko Martija eta Mikel Sanchez palistek Gipuzkoako Kluben Arteko Txapelketaren finala jokatuko dute. Lehen aldiz ari da lehiatzen Ilunperen erreminta saileko bikotea larruzko paleta modalitatean. Horrenbestez, txapelketaren hirugarren mailan ari dira, baina finaleko txartela eskuratzearekin bat, datorren urtean bigarren mailan jokatzeko eskubidea lortu dute jada.

Aurretik, ordea, hirugarren mailako txapela izango dute jokoan. Etzi, Olaberrian, Andoaingo Gazteleku klubeko ordezkarien kontra ariko dira. 10:30ean hasiko da finala, eta txapelketaren bigarren eta lehen mailakoak ere jokatuko dituzte segidan Olaberriko frontoian.

Lehen partaidetza honetan, Beotibar (Tolosa), Ospele (Orio) eta Oiangu (Ordizia) klubetako bikoteekin lehiatu ziren Ilunpekoak hasierako ligaxkan. Lehen postuan bukatu zuen Azpeitiko bikoteak hasierako fasea, eta finalaurrekoetara igaro zen horrela. Finalaurrekoan, joan den astean, 35-32 gainditu zituzten Martijak eta Sanchezek Debako Euskal Jolaseko ordezkariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide