Putre talde batek ardi bat eta haren bi kume hil dituela salatu dute Kortzu baserrikoek

Ihintza Elustondo 2022ko urr. 28a, 09:29

Ardia eta arkumeak hilda, erasoaren ostean. (Kortzu baserria)

Kortzu baserrikoek jakinarazi dutenez, asteazkenean ume egiten ari zen ardi bati eraso egin zion sai talde batek, eta denbora gutxian ardia eta haren bi kume akabatu zituen. Gertaera horren aurrean, "babes gabe eta beldurtuta" daudela adierazi dute.

Joan den asteazkenean, urriaren 26an, izandako gertaera baten berri eman dute Azpeitiko Kortzu baserrikoek. Hain zuzen ere, ume egiten ari zen ardi bati eraso egin zion putre talde batek, eta denbora gutxian ardia akabatu eta haren bi arkumeek azken arnasa eman zuten. Etxe ondoko zelaian gertatu zen hori, eta bertako baserritarrak arkume bat etxeko sukaldera bizirik eraman bazuen ere, ez zuen asko iraun.

Gertaera horren aurrean, "babes gabe eta beldurtuta" daudela jakinarazi dute Kortzu baserrikoek. "Artzaintzan jarraitu nahi duen gazte bat dago baserrian, baina horrelakoak eta agintarien ardura eza ikusita, ilusioa galtzen ari da. Putreak ezin dira hil, baina zer gertatzen da beraiek hiltzen duten ganaduarekin?", adierazi dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide