Aurtengoan zortzigarren edizioa zen ospatzekoa. Aurreko zazpi edizioetan inoiz ez da inolako baimenik eskatu Futbol Festa antolatzeko, izenak esaten duen bezala festa bat delako. Festaren kolaboratzaile edota antolatzaile garen tokitik, argi eta garbi izan dugu beti araudia zein den. Futbol Festa antolatzeaz gain, Azpeitia Cup txapelketa ere antolatzen dugu, eta argi eta garbi dugu txapelketak antolatzeko zer araudia jarraitu behar dugun; hau da, 8 urtez azpiko neska-mutilek ezin dutela jokatu eta zerbait antolatzekotan opor garaian antolatu behar dela.
Beraz, ulertzen dugu araudia, eta hori interpretatzen ere badakigu. Ez duguna ulertzen da Foru Aldundiak oraingoan izan duen jokaera. Uda aurretik, Azkoitiko Udalak deitu zigun Futbol Festa berriro antolatu nahi zuela eta ea urtero bezala antolatzeko prest geunden esateko. Udalak antolatutako ekitaldi bat, festa bat, eta horretarako Foru Aldundiari baimena eskatu behar al zaio? Non ikusi da hori? Baimena zertarako?
Orain dela urte batzuk sortu zen Futbol Festa, eta argi genuen honen sorreraren helburua. Kirolean eta batez ere futbolean lehiakortasun handiegia ikusten genuen, eta zerbait sortu nahi genuen hori saihesteko. Futbol Festa sortzea erabaki genuen. Emaitzarik egongo ez zen festa bat, taldeak nahi ziren modukoak izango zirena, genero ezberdintasunik egin gabekoa, galtzailerik egongo ez zen festa bat... Ondo pasatzea eta parte hartzea izango zen irabazirik gozoena; haur bakoitzak bere domina jasotzen zuen opari gisa, eta jada denok ginen zoriontsu.
Futbol Festarekin lehiakortasunaren aurka egin dugu, berdintasuna sustatzeko bideak eman ditugu; futbola, nahiz eta kirola izan, jolas moduan erabiltzea dagoela agerian geratu da. Zer kalte egin dio horrek gizarteari? Zer kalte egiten dio horrek haurrari? Zer kalte egiten dio horrek Foru Aldundiari?
2015ean, Foru Aldundiarekin beste gai batzuei buruz hitz egiteko bildu ginenean, Futbol Festa antolatzeko baimenik eskatu beharrik ez zegoela adierazi ziguten. Beraz, zer egin dugu guk gaizki? Hainbat komunikabidetan irakurri dut Foru Aldundiak Futbol Festa debekatu duela, jakinaren gainean egonda, antolatzaileek eskaera ez dutelako egin. Hori ez da egia! Niri pertsonalki inork ez dit esan inoiz Futbol Festa ezin dudala antolatu eta gutxiago eskaera egin behar dudanik. Horretaz izan dugun lehen albistea aste honetan gertatutakoaren harira izan da. Beraz, gure teilatura, mesedez, harririk ez! Gure helburua haurren ongizatea bilatzea da, haien zoriontasunaren bila antolatutako ekintza delako, eta beraz, gezurrak esatea ez dut onartuko.
Bukatzeko, haurrak askea izan behar du. Gu hemen ez gaude debekatzeko, haurrei aukerak eman behar zaizkie, bidea eraikitzen lagundu behar diegu, eta gu, helduok, beraien bidelagun izan behar dugu. Guraso eta irakasle naizen tokitik, tristura eta lotsa sentitzen ditut Foru Aldunditik jaso den zigor eta debekuarekin. Ez da nire hezkuntza eta ez da nire ondorengoentzako nahi dudan hezkuntza. Nik behintzat nire haurrak eta ikasleak ez ditut zigorrean edo debekuan heziko. Haurrak aske izan behar du eta bere interesetatik abiatutako ekintzak egin behar dituelakoan gaude. Horretarako, era batean edo bestean, orain arte bezala, lanean tinko jarraituko dugula adierazten dugu.