Trikiti eta pandero doinuz bete da Azpeitia VII. Trikigiro jaialdiarekin

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 28a, 22:13

Lehendabizi Sanagustinen eta gero kalean, festa giroan ospatu dute urteroko elkartzea adin guztietako trikitilariek. Irakasleak eta ikasleak elkartuta, plaza, Erdikalea eta Perez Arregi bete dituzte, Sanagustinera itzuli eta han mahaiaren bueltan ospatzen jarraitu aurretik.

Maskararik gabe eta ospatzeko gogo handiz elkartu dira gaur Azpeitian dozenaka eta dozenaka trikitilari eta pandero jotzaile, ehundik gora aise, VII. Trikigiro jaialdian parte hartzeko. Hasiberriak eta beteranoak, ikasleak eta irakasleak, haur, gazte eta heldu, musikaz bete dute herria arratsatik gaueraino.

Sanagustin kulturgunean hasi dute aurten ere jaialdia. Hango arkupean, eskualdeko zein Hernanitik (Gipuzkoa) etorritako trikitilari eta pandero jotzaile gaztetxo ugarik erakutsi dute beren maila, pixkanaka kulturgunea betetzen joan diren ikus-entzuleen txaloen artean.

19:00etatik 20:00etara aurreikusita zegoen gaztetxoen erakustaldia, baina zertxobait luzatu da. Horrela, kalejirari ekin aurretik atera dute plazan urteroko argazki jendetsua, eta ondoren abiatu dira partaide guztiak plazatik Erdikalera bidean. Musikari soka luzeak eta haien pasakalle bateratuaren doinuek bete dute kalea, eta eskertu diete jarduna gau epelaz gozatzen ari ziren herritarrek. Urtero legez, Perez Arregi plazatxoan egin dute geldialdia Trikigiroko parte hartzaileek. Han, soinua eta panderoa ez ezik, oinak ere astindu dituzte batzuek, eta dantzan eta jauzika itzuli dira bat baino gehiago Erdikalean gora plazaraino, han kalejirako azken piezak jotzeko.

Sanagustinera itzulita, 170 lagun elkartu dira aurtengo afarian, eta afalondoan erromeriarekin jarraituko dute ospatzen Trikigiro egitasmoaren arrakasta berria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide