Bastida atezainaren golarekin berdinketa lortu du Lagun Onakek

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 30a, 17:33

Azken unean ihes egin zion garaipenak gizonen talde nagusiari Garmendipen San Ignacioren kontra, atezainak falta jaurtiketaz egindako golarekin aurretik ibili ondoren. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailan, 1-4 irabazi zuen Lagun Onakek Urolaren zelaian.

Etxean berdindu eta etxetik kanpo aise irabazi dute asteburu honetan Lagun Onak futbol klubeko talde nagusiek.

Asteburuko irudia, asteburuko gola, utzi zuen atzo Garmendipen Iker Bastidak. Hirugarren Mailako Lagun Onaken atezainak 1 eta 0ekoa egin zuen San Ignacioren kontrako partida hasi eta segituan. Hirugarren minutuan, kanpokoen area nagusiaren marratik apartetxo eta erdi-erdian sinalatutako falta bat zuzenean eta bikain bota zuen sare barrura Bastidak, eta horrenbestez, abantailarekin ekin zion neurketari Ander Avellanedaren taldeak. Eta ia bukaeraraino eutsi zion Lagun Onakek abantaila horri, baina Azpeitikoak hiru puntuak batzetik gertu zirela, 89. minutuan berdindu zuen partida San Ignaciok.

Zortzi jardunalditan bost partida berdindu ditu, beraz, Lagun Onakek. Atzokoa batuta, zortzi puntu ditu taldeak eta hamabigarren postuan dago sailkapenean. Datorren asteburuan Pasaian jokatu du.

Gol festa Argixaon

Emaitza hobea lortu zuen Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak Zumarragan. Argixao zelaian, 1-4 nagusitu zitzaion Lagun Onak Urolari.

Lehen zatiaaren azken ordu laurdenean jarri zituen Lagun Onakek garaipen sendoaren oinarriak, atsedenaldiaren aurretik bi gol eginda: Mariak egin zuen lehendabizikoa, 34. minutuan, eta Mantxolak jarri zuen 0-2 emaitza 43. minutuan. Etxekoek 64.ean egin zuten beren gol bakarra, baina berehala erantzun zuten Azpeitikoek, beste bi gol eginez, 69. minutuan Maialenek eta 77.ean Nairak.

Zazpi jardunalditan hamalau puntu lortuta, seigarren postuan sailkatuta daude Lagun Onakeko emakumeak. Datorren asteburuan, Garmendipen, Ostadar hartuko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide