40. Euskal Antzerki Topaketak izango dira datorren urteko haurren danborradako karroza egiteko gaia

Julene Frantzesena 2022ko urr. 31a, 10:40

Aurtengo umeen danborradako karroza.

Herritarrek azaroaren 30a, asteazkena, bitartean aurkeztu beharko dituzte proposamenak udaletxean. Karrozaren aurrekontuak ezingo du 7.800 euro baino handiagoa izan, eta lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko diru saria eskuratuko du.

Azpeitiko Udalak dagoeneko martxan jarri du datorren urtarrilaren 20an, San Sebastian egunez, egingo den haurren danborradarekin aterako den karroza egiteko lehiaketa. Hastear diren 40. Euskal Antzerki Topaketak –aurten betetzen du egitasmoak urtemuga borobila– izango dira karrozaren proiektua gauzatzeko gaia, udaleko Festa Batzordeak hala erabakita.

Herritarrek azaroaren 30a, asteazkena, bitartean aurkeztu beharko dituzte proposamenak udaletxean. Karrozaren aurrekontuak ezingo du 7.800 euro baino handiagoa izan, eta lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko diru saria eskuratuko du.

Hona hemen karrozaren proiektu eta errealizazio lehiaketaren oinarriak:

  • Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek parte har dezakete. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  • Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • Proiektuek, nahi eta nahi ez, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzukizun osoa baldintza hori ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  • Karrozaren neurriak honako hauek dira: 2,80 metroko zabalera x 3,85 metroko luzera eta 3,20 metroko altuera.
  • Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta aparteko gutunazal batean egilearen datuak zehaztuko dira: NA, helbidea, telefonoa eta curriculuma.
  • Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30an amaitzen da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.
  • Proiektuak honako helbidera bidali beharko dira: Azpeitiko Udala Festa Batzordea, Enparantza Nagusia, 5 (20730, Azpeitia). Telefonoa: 943-15 70 68.
  • Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du, eta bost pertsonak osaturikoa izango da. Ordezkaritza hori udaleko ordezkariek eta dekoradore eskolakoek osatuko dute.
  • Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da, eta proiektua gauzatzeko esleituko da.
  • Planoak, bozetoak, 7.800 euro baino gehiagokoa ez den aurrekontu zehaztua, eta gehienez A-4ko bi orrialde hartzen dituen memoria txiki bat aurkeztu beharko dira.
  • Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du.
  • Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitaterik edo baliorik.
  • Oinarri hauek eta bertako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuko.
  • Deialdi honetan parte hartzeak honako oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  • Epaimahaiak hartuko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztien gaineko erabakiak, eta erabaki horiek apelaezinak izango dira. Epaimahaiak karrozaren exekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lanak epaimahaiaren oniritzia eduki beharko du kopuru osoa jasotzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide