Egitarau oparoarekin iritsiko dira samartinak Lasaora

Julene Frantzesena 2022ko aza. 7a, 08:43

Iazko samartinetako irudi bat.

Ostiralean, zapatuan eta igandean ospatuko dituzte aurtengo samartinak. Ekitaldi ugari izango dira, hala nola bertso afaria, magia ikuskizuna, puzgarriak, haurren bazkaria, azoka nahiz kalejira.

Ostiralean hasiko dira lasaotarrak San Martin jaiak ospatzen. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute aurtengo jaietarako, eta askotariko ekintzez gozatu ahal izango dute herritarrek.

San Martin egunean, azaroaren 11n, hasiko dituzte festetako ekintzak. Goizean, meza eta auzoko adinekoentzat hamaiketakoa izango dira. Gauean botako dute jaien hasierako txupinazoa, nahiz eta ordu batzuk lehenago hasiko duten egitaraua. Suziria bota ostean, bertso afaria egingo dute Andoni Egañarekin eta Oier Etxeberriarekin, eta Hitzeder eta Txibilter trikitilariak arduratuko dira giroa trikiti doinuz alaitzeaz.

Hurrengo egunean, zapatuan, ere txupinazoa botako dute auzoko haur eta gaztetxoek, eguerdian. Ondoren, buruhandien kalejira ere egingo dute auzotarrek, eta Iago magoaren ikuskizunaz gozatu ahal izango dute gaztetxoek. Horiek, gainera, bazkaria egingo dute segidan. Arratsaldean ere izango dute zer egin haurrek; izan ere, puzgarriak eta txokolatada izango dituzte auzoan.

Igandea izango da jaietako azken eguna. Lasaoko baserritarren nekazal produktuen eta abereen azoka egingo dute frontoian. Eguerdian, Idiakaitz txistulari taldearen kalejira izango da erraldoiekin nahiz buruhandiekin. Gero, Polka dantzatuko dute auzotarrek eta Gizakia Helburuko kideek.

Egitaraua:

Azaroak 11, ostirala. San Martin eguna.

- 11:00. Meza.
- 11:30. Hamaiketakoa auzoko adinekoentzat.
- 20:00. Txupinazoa.
- 20:30. Bertso afaria, Andoni Egaña eta Oier Etxeberria bertsolariekin, eta Hitzeder eta Txibilter trikitilariekin.

Azaroak 12, larunbata.

- 12:00. Haur eta gaztetxoen txupinazoa.
- 12:30. Magia ikuskizuna: Iago magoa.
- 14:00. Bazkaria.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:00. Txokolatea.

Azaroak 13, igandea.

- 11:00. Lasaoko nekazal produktuen eta abereen erakusketa azoka.
- Segidan, Idiakaitz txistulari taldearen eta buruhandi eta erraldoien kalejira.
- 13:00. Polka dantza saioa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide