Soreasun, Sanagustinen zein Dinamoan izango diren antzezlanez gain osagai gehiago ere izango dituzte gaur hasiko diren 40. Euskal Antzerki Topaketak. Horien artean daude gaur bertan ateak ireki dituzten bi erakusketak: Corrado Masacciren Txotxongiloak eta maskarak antzerkian izenekoa, eta Azpeitiko Argazki Elkarteak Sanagustinen jarri duena.
Betharram aretoan jarri du aurten ere erakusketa Corrado Masaccik; bere txotxongiloak eta maskarak jarri ditu ikusgai, eta txotxongiloei bizia ematen ere hasi da gaur bertatik, aretora joan diren haurrentzat. Azaroaren 15a arte egongo da irekita Masacciren erakusketa, Betharrameko ohiko ordutegian: 12:00etatik 14:00etara asteburu eta jaiegunetan, eta 18:00etatik 20:00etara astegunetan.
Sanagustinen, berriz, Euskal Antzerki Topaketen historiaren irudiekin hornitu ditu hormak Azpeitiko Argazki Elkarteak. Iñaki Aranburu, Jexus Artola eta Ramon Etxeberria elkarteko kideek utzitako argazkiekin osatu duten erakusketan, aspaldiko edizioetan taularatutako hainbat antzezlanen irudiak ikus daitezke. Erakusketa hori Topaketen azken egunera arte egongo da kulturgunean, azaroaren 20a arte.