Biharko txupinazoarekin hasiko dira egoitzan San Martin Astea ospatzen

Julene Frantzesena 2022ko aza. 8a, 09:02

San Martin egoitza.

Bihartik zapatura bitartean, askotariko ekitaldiez gozatu ahal izango dute egoiliarrek, haien senideek nahiz egoitzako langileek. Besteak beste, trikitilarien emanaldia, txokolate eta txurro jana, toka txapelketa, bertsolarien emanaldia, erromeria, meza, bazkaria eta luntxa egingo dituzte.

San Martin egoitzako egoiliarrak eta langileak beren astea ospatzen hasiko dira bihar, asteazkena. Pandemiaren gora-beherak pasatuta, aurten ohi bezala ospatuko dituzte festa egunak.

Bihar, 11:00etan hasiko dira San Martin asteko egitarauarekin; izan ere, ordu horretan botako dute txupinazoa, eta han izango da, besteak beste, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea. Ondoren, Izarra eta Ainhoa trikitilarien emanaldia izango dute, eta arratsaldean txokolatea txurroekin jateko parada ez ezik, bingoan ibiltzeko aukera ere izango dute egoiliarrek.

Ostegunean, ostiralean eta larunbatean ere egingo dute ekitaldirik. Besteak beste, toka txapelketa, Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria bertsolarien emanaldia, meza, Imuntzo eta Unai trikitilariekin erromeria, bazkaria eta familiekin luntxa izango dituzte hiru egun horietan.

Honako hau da aurtengo San Martin Astearen egitaraua:

Bihar, asteazkena

11:00. Txupinazoa.

11:00. Izarra eta Ainhoa trikitilarien emanaldia.

16:00. Txokolate eta txurro jana.

17:00. Bingoa, boluntarioek lagunduta.

Etzi, osteguna

11:00. Toka txapelketa.

16:45. Jon Gurrutxaga eta Oier Etxeberria bertsolarien emanaldia.

Ostirala, San Martin Eguna

10:30. San Martin Eguneko meza.

11:15. Imuntzo eta Unai trikitilariekin erromeria.

13:00. Bazkari berezia.

Azaroak 12, zapatua

11:00etatik 12:00etara. Familiekin luntxa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide