Bingo saioarekin eta txokolatadarekin hasi dute Jubilatuen Astea

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 7a, 17:09

Hiru urteko etenaren ostean, bueltan da Jubilatuen Astea. Gaur hasi dituzte ospakizunak; bingo saioa eta txokolatada izan dituzte Sanjuandegiko Baigeran. Igandera bitartean, izango da zertaz gozatua.

Baigera jubilatuen elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta, gaur hasi dute Jubilatuen Astea. Azken hiru urteotan ezin izan dute festa hori nahi bezala ospatu, COVID-19aren izurriak eraginda, baina aurtengoan bueltan dira adinekoen ospakizunak. Gaur, bingo saioa eta txokolatada izan dituzte Sanjuandegiko Baigeran, 16:00etan hasita, eta dozenaka lagun elkartu da. Irrintzia botatzera ere animatu da emakume bat, eta giro ederra sortu da.

Igandera bitartean, askotariko ekintzak egingo dituzte Jubilatuen Astearen barruan. Hona hemen egitaraua:
  • Bihar, asteartea. Arteterapia Irantzu Iturberekin, eta barreterapia Manex Beristainekin, 16:00retan.
  • Azaroak 9, asteazkena. Miren Egigurenen Venezuelako bizipenen inguruko hitzaldia. Petare, Miren Egigurenen puskak liburuaren idazle Leire Ibargurenek egingo du aurkezpena, 16:00retan, Baigera aretoan. Ondoren, mokadua izango da.
  • Azaroak 10, osteguna. 15:00etan, txangoa Ezkioko Igartubeitiko tolare baserrira. Ondoren, Aginagako Errasti sagardotegira joango dira.
  • Azaroak 11, ostirala. Bingo berezia, 16:00retan, Baigera Ien. Ondoren, eguneko zentrokoentzat txokolate jana.
  • Azaroak 12, larunbata. Azpeititik Urrestillara mendi irteera, 08:30ean. Ondoren, hamaiketakoa Sanjuandegiko Baigeran.
  • Azaroak 13, igandea.
      -11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.
      -12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.
      -14:15. 90 urtekoen omenaldi bazkaria eta opari banaketa, Kiruri jatetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide