Piaspe proiektu eolikoa

Piaspe proiektuaz "zalantzak eta desadostasunak" agertu ditu Zestoako Udal Gobernuak

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 8a, 09:11

Jendez lepo bete zen Zestoako Kultur Etxea Piaspe proiektuaren inguruko batzar irekian. (Maialen Etxaniz)

Proiektua ezin duela babestu adierazi du Zestoako Udal Gobernuak herritarrekin egindako bileran. Trantsizio ekologikorako "plan estrategikoa" eta herri hausnarketa aldarrikatu ditu.

Zestoako Udalak deituta, Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan eraiki nahi duen Piaspe zentral eolikoaren inguruko batzar irekia egin zuten ostiralean, Zestoako Kultur Etxean. Helburu zehatza zuen bilkurak: Zestoako Udal Gobernuak proiektuaz duen informazioa eta iritzia herritarrei jakinaraztea eta haien iritziak eta kezkak jasotzea. Jendez bete zen Kultur Etxeko aretoa.

Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Nerea Odriozola zinegotziak hartu zuten hitza. Sarrera labur bat egin zuen Odriozolak eta alkatea arduratu zen azalpenak emateaz zein herritarren galderak erantzuteaz. «Foku mediatikoa» Azpeitian jarri dela adierazi zuen Arregik, baina proiektuak Zestoari ere eragiten diola azpimarratu zuen. Horren karitik, Statkrafteko kideak Zestoako bilkuran parte hartzeko prest agertu zirela jakinarazi zuen alkateak, eta argitu zuen udalak erabaki zuela batzarra haiek gabe egitea, udalaren eta herritarren arteko hartu-emanari lehentasuna emateko.

Kontsumo datuak 

Batzarraren lehen zatian, "azalpen orokorrak" eman zituen Arregik. Hizpide izan zituen, besteak beste, larrialdi klimatikoa, baliabide eta lehengai fosilen agorpena, sistema energetikoaren gainbehera eta ingurumen auzietako marko juridikoa. Kontsumo datu orokorrak ere eman zituen alkateak, baita Zestoako kontsumo elektrikoaren eta sorkuntza elektrikoaren datuak aletu ere. Arregik jakinarazi zuenez, Zestoako kontsumo elektrikoa 41GWh-koa da urteko. Gainera, industria kontsumoa Azpeitikoa baino handiagoa dela azaldu zuen alkateak, "Zestoan dauden enpresak handiagoak direlako". Sorkuntza elektrikoari dagokionez, Argiola energia kooperatibaren eta Piaspe zentral eolikoaren datuak jarri zituzten parez pare. Hain zuzen, Argiolak urteko 1,5 GWh sortzea aurreikusten dute, eta 84,7GWh Piaspek. 

Arregiren arabera, beste autonomia erkidegoekin alderatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa "atzeratuta" doaz energia berriztagarrien ekoizpenean: "Etxeko lanak egiten hasteko presio orokorra nabaritu dugu". Horregatik, "trantsizio ekologikoaren garrantzia" jarri zuen mahai gainean. "Trantsizio ekologikoa egiteko ezinbestekoa da berriztagarrietan sakontzea, elikadura burujabetzarantz jotzea eta baso politika egokiak ezartzea. Ez da nahikoa zentral eolikoak egitea beste dena egiten ez badugu", esan zuen Arregik. Zentzu horretan, autokritika egin zuen: "Zestoak hobetzeko eta egiteko etxeko lan asko ditu". 

Hala ere, "Zestoa trantsizio energetikorako bidean" dagoela aipatu zuen alkateak. Hori dela eta, azken urteetan Udal Gobernuak hartutako neurrien eta egindako hausnarketen berri eman zien herritarrei. Besteak beste, Argiola kooperatibaren proiektua, eraikin publikoetako teilatuen azterketa, eraikin publikoen eraginkortasun energetikoaren garrantzia, Iraeta agroaldeko proiektua eta baso politikak –Igarobide ekologikoa– izan zituen mintzagai. Erronkak ere plazaratu zituen: "Herri hausnarketa antolatzea, egungo energia sistema iraultzea, aurreko elikadura sistemara itzultzea eta eredu ekonomikoaz birpentsatzea". 

Proiektuaren xehetasunak

Piaspe proiektuaren inguruko zenbait datu plazaratu zituen Arregik. "Ez pentsa informazio asko daukagunik", azpimarratu zuen. Aurrena, aerosorgailuen kokapenaz aritu zen. Bost aerosorgailu jartzea aurreikusten du Statkraftek, hiru Azpeitiko lurretan eta bi Zestoako eta Errezilgo mugan. Horien kokalekua irudi bidez erakutsi zieten herritarrei. Aerosorgailuek 205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango dute, eta Zestoatik bertatik ikusiko dira. Gailuek eragingo duten inpaktua «ikaragarria» izango dela aitortu zuen Arregik: "Errotek eragingo duten inpaktu bisuala nahiz paisajistikoa ikaragarria izango da, eta eragina izango dute bertako bizilagunen jardueran". 

Piaspe zentral eolikoa eraikitzeko materiala garraiatzeko Zestoako lurrak erabili nahi ditu Statkraftek. Hain zuzen, Akoa inguruko bideak erabili nahi dituzte, eta, horrenbestez, proiektuak eragina izango du lur horietan. Zestoako Udal Gobernuak ez du bideragarri ikusten materialak bide horretatik garraiatzea. "Informazio oso mugatua dugu, baina dakiguna da Akoako aldapatik gora egin nahi dituztela garraio lanak; ondorioz bide berria egin beharko dute, gaur egungo bidetik material horiek eramatea ez baita posible", adierazi zuen Arregik. "Balio handiko eremua da, eta txikizio handia eragingo luke hor bidea irekitzeak. Beraz, ezin dugu hori babestu", gaineratu zuen. Akoako eta Santa Engraziko bizilagunekin auziaz hitz egiteko hainbat bilera egin dituztela jakinarazi zuen alkateak. 

Finean, "Piaspe proiektuarekiko zalantzak eta desadostasunak" agertu zituen Udal Gobernuak. Era berean, aipatu zuen krisi energetikoaren "arazoari irtenbide integrala" ematea ezinbestekoa dela: "Estrategia integralik gabe ez du zentzurik zentral eolikoak eraikitzeak". Era berean, proiektua aztertzeko prestutasuna agertu zuen Udal Gobernuak, eta gaiaz herri hausnarketa eta "gogoeta estrategikoa" egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen. 

Udalak duen erabaki-ahalmena "mugatua" dela esan zuen alkateak: "Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egiteko prozesua martxan jarri du. Gainera, Interes Publiko Goreneko Proiektuen Legeak (PIPS) udalak eskuduntzarik gabe utzi ditu. Eskumenik ez izateak ez du esan nahi posizionatu behar ez dugunik; are gehiago, posizionatu egin behar dugu".

Galderak eta argipenak

Hainbat izan ziren herritarrek egindako galderak eta proposamenak. Besteak beste, zentral eolikoak Akoan izango lukeen eraginaz, hori saihesteko dauden alternatibez, udalaren eskumen juridikoez, energia hidroelektikorako aukerez, Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako udalen arteko harremanaz nahiz Statkraft enpresaz duen iritziaz galdetu zioten Zestoako alkateari. 

Arregik argitu zuen berak apirilean jakin zuela Statkraften asmoen berri "modu informalean". Orduz geroztik egindako urratsen berri eman zien bertaratutakoei, eta aipatu zuen herritarrei gaia aurrez plazaratu ez izanaren "arantza" baduela: "Ez geneukan elkarbanatzeko moduko informaziorik". Udalen arteko harremanaz galdetu zuen herritarrari erantzunez, Zestoako Udal Gobernuak Piaspe auzian "autonomiaz" jokatuko duela adierazi zuen Arregik: "Oraingoz, enpresarekin bilera bat egin dugu. Beraz, ezin dugu esan hiru udalak batera goazenik, oraingoz, ez baikoaz inora. Etorkizunean batera joan beharko genukeela ez dut ukatuko. Berdin pentsatzen dugunik ezin dut esan; kontu hau tarteko barne eztabaidak izan ditugula egia da, baina hori normala da", adierazi zuen. "Askotan pentsatzen da indar politiko bera ordezkatzeagatik guztiok berdin pentsatu behar dugula. Nik ez dut eredu horretan sinesten, eta iruditzen zait, indar politiko baten barruan, guztiek ez dutela zertan iritzi berekoak izan behar; eztabaida beti da aberasgarria".

Bilkuraren balorazioa egin du Zestoako Udalak. Herritarren parte hartzea eskertzeaz gain, proiektuaren eboluzioa aztertzeko prestutasunean berretsi da: "Trantsizio energetikorako intentsitate handiko ekipamenduak beharrezkoak izango dira, eta Piaspek energiaren jabetzaren inguruko berrikuntzak ditu. Dena den, Zestoako Udalak herritarrekin batera hausnarketa eta ahalduntze prozesua abiatzeko apustua egingo du". Udalak ez du zehaztu prozesu hori nola egingo duen, baina adituekin hitzaldiak antolatzea eta gogoeta saio komunitarioak prestatzea aurreikusi dute, oraingoz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide