Haurren eta nerabeen gurasoei zuzendutako bi saio antolatu dituzte

Julene Frantzesena 2022ko aza. 9a, 08:26

Treba Gurasoak prestakuntza saio bateko irudia. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Haurren eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak izenburupean ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak, Gaztematikarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailarekin elkarlanean. Saioak hilaren 14an eta 21ean izango dira, arratsaldez, Basazabalen. Hilaren 13a izango da ikastaroan izena emateko azken eguna.

Haurren eta nerabeen gurasoei zuzenduta, Haurren eta nerabeen emozioen bidelagun: nola zaindu seme-alaben emozioak izenburupean ikastaroa antolatu du Azpeitiko Udalak, Gaztematikarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailarekin elkarlanean. Saioak bi astelehenetan izango dira; zehazki, azaroaren 14an eta 21ean. 17:30etik 19:30era gauzatuko dituzte hitzorduak, Basazabal jauregian, eta azaroaren 13ra bitartean honako formulario hau beteta eman ahal izango da ikastarorako izena.

Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Treba Gurasoak prestakuntza egitasmoaren barruan antolatu dituzte saioak. Gurasoak hezkuntza gaitasunetan trebatzea nahiz haurren eta nerabeen bizi kalitatea zein aukerak hobetzea dira egitasmoaren helburuak. Informazio gehiago behar duenak 943-15 71 61 telefono zenbakira deitu dezake.

Udalak azaldu duenez, ikasturtean zehar gai berari lotutako beste bi ikastaro egitea ere aurreikusten dute. Lehena, Jolasa, haurren garapenerako gakoa. Nola izan haurren bidelagun kontziente izenekoa, abenduaren 15ean egingo dute. Aldiz, maiatzaren 16an Substantzien kontsumoa. Zer egin dezake familiak? saioa egitea aurreikusten dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide