Arteterapia eta barreterapia, Jubilatuen Astearekin jarraitzeko

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 9a, 08:29

Jubilatuen Astearen barruan, barreterapia eta arteterapia tailerren aurkezpen saioak egin zituzten atzo Baigera Ien. Gaur, Miren Egigurenen Venezuelako bizipenen inguruko hitzaldia izango da.

Baigera jubilatuen elkarteak udalaren laguntzarekin antolatuta, Jubilatuen Astea egiten ari dira egunotan. Atzo, asteartea, barreterapia eta arteterapia tailerren aurkezpen saioak izan zituzten, 16:00retan hasita, kaleko Baigeran. Irantzu Iturbek arteterapia saioetan zer landu ohi duen azaldu zuen, eta Manex Beristain herritarrak, berriz, barreterapia saioen nondik norakoak xehatu zituen. Hainbat lagun bertaratu ziren saiora, eta zenbait ariketa ere egin zituzten.

Igandera bitartean, askotariko ekintzak egingo dituzte Jubilatuen Astearen barruan. Hona hemen egitaraua:

  • Gaur, asteazkena. Miren Egigurenen Venezuelako bizipenen inguruko hitzaldia. Petare, Miren Egigurenen puskak liburuaren idazle Leire Ibargurenek egingo du aurkezpena, 16:00retan, Baigera aretoan. Ondoren, mokadua izango da.
  • Bihar, osteguna. 15:00etan, txangoa Ezkioko Igartubeitiko tolare baserrira. Ondoren, Aginagako Errasti sagardotegira joango dira.
  • Azaroak 11, ostirala. Bingo berezia, 16:00retan, Baigera Ien. Ondoren, eguneko zentrokoentzat txokolate jana.
  • Azaroak 12, larunbata. Azpeititik Urrestillara mendi irteera, 08:30ean. Ondoren, hamaiketakoa Sanjuandegiko Baigeran.
  • Azaroak 13, igandea.
      -11:00. Hamaiketakoa Baigera Ien.
      -12:30. Hildako bazkideen aldeko meza, parrokian.
      -14:15. 90 urtekoen omenaldi bazkaria eta opari banaketa, Kiruri jatetxean.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide