Bailarako hainbat herritarrez osaturik dagoen Azpeitiko Sokaitz eskalada elkarteak eskualdean egin nahi dituzten parke eolikoen kontra egin du. Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, proiektu horiez hitz egiteko bilera deitu zuen bazkideen artean, eta adierazi dute bat egiten dutela Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak, Azkoitiko Anaitasuna Mendi Bazkunak eta Zestoako Agiro Mendi Klubak urrian kaleratu zuten adierazpenarekin. Klub horiek komunikatu bateratu bat igorri zuten, Capital Energy eta Statkraft enpresek Oleta eta Sañu mendietan eraiki nahi dituzten parke eolikoen harira.
"Gaur egun bizi dugun klima larrialdiaren jakitun izanik eta energia berriztagarrien alde egon arren, errota hauen kokapena mendi gainetan saihestu beharra ikusten dugu. Izan ere, berauek dira gaur egun gutxien eraldaturiko naturgune bakarrenetarikoak, eta duten balioa lehenetsi nahiko genuke guretzat zein ondorengoentzat", azaldu du Sokaitz elkarteak.