Gazteok Arnas Eguna antolatu du Uemak azaroaren 26rako, zapatua, udalerri euskaldunetako gazteen harremanak saretzeko eta sendotzeko helburuz. Larrabetzun (Bizkaia) ospatuko dute eguna, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Besteak beste, tailerrak, ekitaldia, bertso bazkaria, Zo-Zongó perkusio taldearen emanaldia, Nahia Novo DJaren saioa nahiz Kuluxka Klan taldearen kontzertua izango dira.
Uemak hainbat herritatik Larrabetzura joateko autobus zerbitzua eskainiko du. Hain zuzen ere, Zarauztik, Getariatik, Zumaiatik eta Azpeititik igaroko da autobusa. Gazteok Arnas egunean parte hartu nahi duten herritarrek izena eman beharko dute –honako lotura honetan–, baita Larrabetzura autobusez joan nahi dutenek ere; horiek hamabost euro ordaindu beharko dute. Azaroaren 21a, astelehena, izango da izena emateko azken eguna.