Aurrera jarraitzen du Azpeitiko Erremonte Txapelketak. Joan zen azaroaren 4an hasi zen txapelketa, eta atzo, ostirala, ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu zuten pilotariek, Izarraitz pilotalekuan. Alde batetik, Matxin III.ak eta Otanok osaturiko bikotea Zeberio II.ak eta Saldiasek osaturikoaren aurka lehiatu zen, eta 30-36 amaitu zen partida, Matxin III-Otanoren alde. Bestetik, Otxandorena-Uterga eta Jabalera-Ion bikoteak aritu ziren elkarren aurka nor baino nor gehiago lehian, eta Jabalerak eta Ionek ligaxkako bigarren partida irabazi zuten atzo; 28-35 amaitu zen partida.
Horrenbestez, momentuz Jabalera-Ion bikoteak bi partida irabazi ditu ligaxkan, Matxin.III-Otanok bat, Otxandorena-Utergak beste bat —lehen jardunaldia Otxandorenak eta Agirrezabalak jokatu zuten— eta Zeberio II-Saldias bikoteak bat ere ez. Datorren azaroaren 18an erabakiko da zein bikote sailkatuko diren finalera eta zein bikotek jokatu beharko duten hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida. Beraz, hilaren 18an Zeberio II.a-Saldias Matxin III.a-Otanoren kontra arituko da lehian, eta Uterga-Agirrezabala Jabalera-Ionen kontra. Azaroaren 25ean jokatuko da finala nagusia.
Aurten, lehen aldiz, e-Remonte enpresako pilotariak ari dira txapelketan parte hartzen, eta ez Oriamendikoak.