Joan den ostiraletik San Martin jaietan murgilduta daude Lasao auzoan, eta egunotan, eguraldi bikaina ez ezik, giro ederra ere nagusitu da bertan. Bertso afariarekin hasi zuten asteburua lasaotarrek, eta atzo, zapatua, haurren eta gaztetxoen txanda izan zen. Egun osoan zehar hainbat ekintza izan ziren auzoko gaztetxoentzat, 12:00etako txupinazoaren ostean. Esate baterako, Iago magoaren ikuskizunaz eta puzgarriez gozatzeko aukera izan zuten bazkariaren ostean.
Gaur ere egun ederra pasatzeko aukera izan dute lasaotarrek, San Martin jaiei behar bezalako amaiera emateko. 11:00etan hasita nekazal produktuen eta abereen erakusketa azokak izan dira; askotariko produktuak jarri dituzte salgai beste urte batez, eta etxean egindako tartak dastatzeko aukera ere izan da. Txistulariek eta erraldoiek girotu dute igande goiza, eta jende mordoxka bildu da festetarako jarri duten tabernan ere.
(Argazkiak: Anartz Izagirre eta utzitakoak)