40. Euskal Antzerki Topaketak

Soreasu antzokia leporaino beteta itzuli da Eskola Antzerkia

Anartz Izagirre 2022ko aza. 14a, 12:00

Amezketako Zumardi herri ikastetxeko ikasleek zabaldu dute Eskola Antzerkia, eta hiru antzezlan eskaini dituzte 3. mailatik 6. mailara bitarteko haurrek. Antzokia jendez bete da herriko ikastetxeetako ikasleekin.

Martxa onean doaz 40. Euskal Antzerki Topaketak, eta gaur, astelehena, Eskola Antzerkia itzuli da Soreasu antzokira, bi urteko etenaren ostean. Amezketako Zumardi herri ikastetxeko ikasleek zabaldu dute egitasmoa, eta hiru antzezlan eskaini dituzte horiek: Peru eta otsoa ipuin musikatua, Oñatiko jentilak bertso antzerkia eta Hariz hari antzezlana. 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleek egin dituzte aktore lanak, eta Azpeitiko hiru ikastetxeetako ikasleak izan dira publikoan.

Bihar, asteartea, Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki Taldearen txanda izango da, eta Bizitzaren koloreak eta Espazioko itsasoetan lanak taularatuko dituzte Soreasun elkartzen diren ikasleen aurrean; azkenik, Errezilgo San Martin eskolak eta Azpeitiko Haur eta Nerabeen Antzerki Taldeak bi antzezlan eskainiko dituzte elkarrekin, asteazkenean: Maria Dolores Agirreren biografia eta Urte berri on.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide