Urola Bizirik taldearen III. Ingurumen Jardunaldien barruan, Berezko basoen ekarpena hitzaldia eman zuen Joserra Diez Biologian doktoreak atzo, asteartea, 19:00etan hasita, Baigerako aretoan. Naturak zaintzen gaitu lelopean egiten ari diren jardunaldien barruko hirugarren hitzaldia izan zen atzokoa. Diezek zein Estibaliz Sarrionandiak Azpeitiko ingurune naturalen katalogoa ondu zuten 2005ean. Uraren, lurraldearen, klima aldaketaren, trantsizio energetikoaren eta ibaietako ekosistemen funtzionamenduaren inguruko hainbat proiektutan parte hartu izan du Diezek, eta Azpeitiko hitzaldian ere gai horiek izan zituen hizpide, Ibai Eder urtegiari aipamen berezia eginez.
Bihar, osteguna, izango da jardunaldien barruko azken saioa; Eñaut Agirrek eta Iñaki Sanz-Azkuek Euskara eta natura txirikordatuz hitzaldia eskainiko dute Azkoitiko Elkargunean, 18:30ean. Gure faunari eta florari begira: ornodunak liburua oinarri hartuta arituko dira hizlariak solasean, euskal gizarteak naturarekin izan duen harremanak utzitako ahozko ondarearen inguruan; besteak beste, kondairak edota sinesmenak jorratuko dituzte.