Datorren asteartean, azaroaren 22an, Santa Zezilia eguna izango da, eta urtero legez, kontzertuak eskainiko dituzte Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta musika eskolako kideek datozen egunetan.
Udal Musika Bandaren kontzertua zapatuan izango da, Sanagustin kulturgunean. 19:00etan hasita eskainiko dute emanaldia musikariek, eta hainbat abesti joko dituzte kontzertura joaten diren herritarren aurrean. Honako kanta hauek entzun ahal izango dira: Fanfare, Mercury, Waltz, Virginia, Street tango, Karibeko piratak: munduaren azkenean zein Caribeando.
Juan Antxieta musika eskolako kideek, berriz, euskal doinuetan oinarritutako emanaldia eskainiko dute datorren asteazkenean, 19:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Euskal abesti ezagun ugari eskainiko dituzte musikari gaztetxoek, hala nola Euskararen txantxangorria, Aske matte, Ametsetan, 17;21, Katedral bat, Negua joan da ta, Zurekin batera nahiz Udazken koloretan.