Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideak joan zen astean hasi ziren Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira antolatutako ekintzekin. Hain zuzen, asanblada irekiak egin zituzten ikastetxez ikastetxe, eta aste honetan jarraituko dute antolatutako saioekin.
Bihar, asteartea, Emakume-auziaz hausnartzen izeneko tailerra egingo dute Sindikatu Zaharrean, 18:30ean hasita. "Formakuntza eta hausnarketa" saioa izango da biharkoa, eta gaian interesa duen orori egin diote bertaratzeko deia.
Azaroaren 25an, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunean, mobilizatzera deitu dituzte ikasleak. Egun horretan hitzaldiak eta kontzentrazioak egingo dituzte herriko ikastetxeen atarian, Indarkeria matxistaren aurrean, emakume langileok antolakuntza lelopean. Oraindik ez dituzte jakinarazi elkarretaratzeen ordu zehatzak.