Bihar, azaroak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta Azpeitian Urola Erdiko Itaiak mobilizatzeko deia egin du. Elkarretaratzea egingo dute plazan, 19:30ean hasita, Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki leloarekin.
"Instituzioen berdintasun faltsutik kanpo" antolatzeko beharra da Itaiak A25a dela-eta aldarrikatuko duena. "Gizartean indarkeria matxistaren aurkako jarrerak nagusitzen ari badira ere, indarkeria matxista kasuek gora egiten dute eta zabalpen handiagoa daukate", dio emakumeen antolakunde sozialistak. Izan ere, emakumeen kontrako biolentziari dagokionez, erakundeen jarduna eta kanpainak antzuak dira Itaiarentzat: "Instituzioetatik eta alderdi politikoetatik gero eta politika feminista gehiago proposatzen dira. Aldiz, politika horiek indarkeria matxistaren kudeaketara eta norbanakoaren lanketara bideratutako lan ideologiko eta pedagogikora mugatzen dira. Eta horregatik beharrezkoa ikusten dugu, politika horiek guztiek indarkeria matxistarekin amaitzeko duten asmo eza azpimarratzea; eta gainera, indarkeria matxistaren kudeaketarako existitzen diren muga ekonomikoak seinalatzea".
Gizarte kapitalistaren logikaren barruan kokatuta, Itaiaren ustez "momentuko gaitasun ekonomikoaren eta interes politikoaren araberakoak" dira erakundeek proposatzen dituzten politikak, eta hori horrela izanda, "emakume langileon babesa eta defentsa albo batean geratzen" dira. Indarkeria matxistarekin amaitzeko "ezinbestekoa" da, Itaiarentzat, emakume langileen "egiturazko zapalkuntzarekin amaitzea", eta zapalkuntza horren islada diren errealitateak "borrokatzea" aldarrikatzen du: "Lan baldintza txarrak, pobrezia, egiturazko langabezia, gure gorputzen sexualizazioa eta merkantilizazioa, zaintza lanen ardura.... Horiek guztiak baitira emakume langileok bigarren mailako subjektu egiten gaituztenak, eta beraz, indarkeria matxista indartu eta normalizatzen dituzten baldintza ekonomiko eta kulturalak. Zertarako balio du milioika emakume esplotatzen gaituzten enpresa, multinazional edota instituzioek indarkeria matxistaren aurkako kanpainak egitea edota horien egoitzak morez argiztatzeak? Argi daukagu, emakumeon zapalkuntza beraien interes ekonomikoak bermatzeko beharrezkoa duten horiek eta emakume langileon askatzea helburu dugunok ez dugula inondik inora jardunerako norabiderik elkarbanatzen".
Eskualdean "instituzioen berdintasun faltsutik kanpo" antolatuta "indarkeria matxistari aurre" egiteko "defentsa espazioak" sortu dituela gogora ekarri du Urola Erdiko Itaiak, eta "lanerako interesa eta borondatea duen oro gonbidatu" dute horietan parte hartzera.