Azaroaren 25a

2022an hamahiru indarkeria matxista kasu artatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan

Ihintza Elustondo 2022ko aza. 25a, 09:00

(Argazkia: Pixabay)

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Azpeitiko Udalak emandako datuek baieztatzen dutenez, indarkeria matxistak bizirik jarraitzen du oraindik orain Azpeitian ere. 2022. urtea hasi denetik, hamahiru indarkeria kasu zenbatu dituzte Gizarte Zerbitzuetan.

Azaroaren 25a da gaur, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta emakumeen aurkako indarkeria salatzeko hainbat ekitaldi izango dira gaurkoan herrian. Izan ere, aurtengoa ere ez da salbuespena izan indarkeria matxistari dagokionez. Azpeitiko Udalak emandako datuek baieztatzen dutenez, indarkeria matxistak bizirik jarraitzen du oraindik orain Azpeitian ere.

Azken urteetako joerari eutsiz, 2022an ere bat baino gehiago izan dira indarkeria tarteko Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritarrak; Gizarte Zerbitzuetako kideek emandako datuen arabera, urtea hasi zenetik hamahiru indarkeria kasu artatu dituzte han, iaz epe berean baino bi gutxiago. Iaz hamabost kasu zenbatu zituzten, 2020an zazpi, 2019an lau eta 2018an hamabi. 

Hamahiru pertsona horietatik bostek indarkeria fisikoa nahiz psikologikoa jaso dute, beste bostek psikologikoa, bik fisikoa eta batek sexuala. Bostek bikotekidearengandik jaso dute indarkeria, batek aurreko bikotekidearengandik, lauk senarrarengandik, batek senarrarengandik zein haren familiarengandik, batek lagun-bikotekidearengandik eta batek pertsona ezezagun batengandik. 

Adinari dagokionez, 20 urte ditu Gizarte Zerbitzuetara jo duen pertsonarik gazteenak –indarkeria fisikoa dela eta jo du hara–, eta 56 zaharrenak. Emakume horien batez besteko adina 42 urtekoa da; iaz 34 urte zituzten batez beste. Jatorriz, berriz, Gizarte Zerbitzuetara jo duten herritar horietatik bost euskal herritarrak dira, eta zortzi atzerritarrak; beraz, datuek erakusten dute, aurreiritzien kontrara, bertakoak ere izan ohi direla indarkeria matxistaren biktima. 

Indarkeria jasan duten hamahiru pertsona horietatik zazpik erasotzailearen aurkako salaketa jarri dute –horietako bat ofizioz jarritakoa izan da–, eta beste seik ez dute salaketarik jarri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide