Herritarren abaroan aurkeztu dute 'Kastellanuek' dokumentala

Julene Frantzesena 2022ko aza. 27a, 11:56

Francoren diktadura garaian ehunka pertsona etorri ziren Espainiatik Azpeitira, bereziki Extremaduratik, eta hain zuzen ere, pertsona horietako batzuen testigantzak bildu ditu Jon Maiak ikus-entzunezkoan. Atzo izan zen lanaren estrainaldia, Soreasun; leporaino bete zen aretoa. Agortu dira biharko emanaldirako gonbidapen guztiak.

Soreasu antzokia jendez leporaino bete zen atzo, Kastellanuek dokumentalaren aurkezpenarekin. Francoren diktadura garaian ehunka pertsona etorri ziren Espainiatik Azpeitira, bereziki Extremaduratik, eta hain zuzen ere, pertsona horietako batzuen testigantzak bildu ditu Jon Maiak ikus-entzunezkoan. Atzo aurkeztu zuten lana, ehunka lagunen abaroan, eta une hunkigarriak bizi ahal izan zituzten hara joandakoek.

Azpeitiko Udalak enkarguz eskatu zion Maiari "memoria ariketa" den ikus-entzunezkoa egiteko, eta ekitaldiaren hasieran, Nagore Alkorta alkateak hartu zuen hitza. Ondoren, Maiaren txanda izan zen, eta segidan eman zuten dokumentala. Saioa bukatzean berriro hartu zuten hitza Alkortak eta Maiak. Duela hamarkada batzuk Espainiatik Azpeitira etorri ziren eta ikus-entzunezkorako lekukotza eman duten herritarrak ere Soreasun ziren, eta emanaldia bukatzean, txalo zaparradarekin hartu zituzten herritarrek horiek. Protagonistek udalaren omenaldia jaso zuten agertokian.

Bihar ere izango da lana ikusteko aukera, 21:00etan, Soreasun, eta oraindik gelditzen dira gonbidapen batzuk; online nahiz Sanagustin kulturgunean eskura daitezke.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide