Bihar bukatuko da aurtengo Euskaraldia, eta Azpeitian baita Hikaldia ere. Dena den, Hikaldiari bukaera festa giroan emateko, Hikapoteoa antolatu dute Euskaraldiaren herriko batzordeak eta Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak. Euskaraldia bukatu eta egun batera, zapatuan, egingo dute egitasmoa, Euskararen Egunean, hain zuzen ere.
Alde Zaharreko tabernetan egingo dute hikapoteoa, eta herritarrek hika hitz egiteko parada izango dute. Horrenbestez, egun horretan AZTEko tabernetan jatekoa nahiz edatekoa hika hitz eginez eskatzen duten herritarrek zozketarako txartelak eskuratuko dituzte. Gainera, Skapaie elektrotxaranga ibiliko da kalez kale giroa alaitzen.