Larunbatean estreinatu zuten Kastellanuek dokumentala, gonbidapen guztiak agortuta zirela, eta atzo, astelehena, egin zuten filmaren bigarren emanaldia. Atzokoan ere leporaino bete zen Soreasu antzokia. Memoria ariketa egitea da ikus-entzunezkoaren helburua: hain zuzen ere, Francoren diktadura garaian ehunka pertsona etorri ziren Espainiatik Azpeitira, bereziki Extremaduratik, eta pertsona horietako batzuen testigantzak bildu ditu Jon Maiak ikus-entzunezkoan, Azpeitiko Udalaren enkarguz. Maia bera Soreasun izan zen atzoko emanaldian, dokumentalaren gaineko xehetasunak azaltzen.