Haurtzaroko sexu abusuen inguruko jardunaldiak antolatu ditu Azpeitiko Udalak, Sexu abusuak haurtzaroan ikuspegi feministatik. Ezkutuko errealitate matxistak izendatzen izenburupean. Guztira, gai horren hiru ertz jorratuko dituzte, hiru hitzaldiren bidez eta atzo, astelehena, izan zen horietako lehena. Eraikiz elkarteko Aitziber Bañuelosek eskaini zuen solasaldia, Haurtzaroan eta nerabezaroan ematen diren sexu abusuak ezagutzea eta ulertzea prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako izenburupean, eta prebentzioa nahiz detekzio goiztiarra izan zituen hark hizpide. Hainbat herritarrek parte hartu zuten saioan.
Beste bi hitzaldiak abenduan eta urtarrilean izango dira. Hain zuzen ere, Susanna Minguell izango da bigarren hizlaria; Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat izenburupean ariko da hura abenduaren 19an, 18:30ean, Basazabal jauregian. Minguellek haurtzaroko sexu abusuen inguruko ikastaroak eman ohi ditu Ahalduntze Eskola feministetan. Azken hitzaldia, berriz, urtarrilaren 30ean izango da. Norma Vazquezek eskainiko du saioa, eta Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik izenburupean ariko da hura. Sortzen aholkularitzako psikologoa da Vazquez, eta emakumeen aurkako indarkerian aditua.
Hitzaldi guztiak irekiak izango dira, eta saioetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da Emakumeen Txokoan, emakumetxokoa@azpeitia.eus helbidera idatzita edo 688 75 10 00 telefonora deituta.
Egitaraua
- Abenduak 19, astelehena. Sexu abusuak haurtzaroan: begirada sozial bat hitzaldia, Susanna Minguellen eskutik, 18:30ean, Basazabal jauregian. Gaztelaniaz.
- Urtarrilak 30, astelehena. Haurtzaroan ematen den sexu indarkeria ikuspegi feministatik, Sortzen aholkularitzako Norma Vazquezen eskutik, 18:30ean, Basazabal jauregian. Gaztelaniaz.