Oinatz Elustondo omenduko du Lagun Onakek zapatuan, Anaitasunaren kontrako partidan

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 30a, 16:14

Oinatz Elustondo San Ignacioren kontrako partidan, joan den apirilaren 23an, Garmendipen jokatu zuen azken partidan. (Eli Aizpuru)

17:00etan hasiko da derbia, eta haren atarian egingo dute hamabi urtez gizonen talde nagusiaren kapitain izan ondoren joan den udaberrian futbola utzi zuenaren omenezko ekitaldia.

Urteko hitzordurik berezienetakoa izango du zapatuan Lagun Onaken talde nagusiak Garmendipen. 17:00etan hasita, Anaitasunaren kontrako derbia jokatuko du Azpeitiko futbol taldeak, Espainiako Hirugarren Mailako ligaren hamabigarren jardunaldian. Partidaren berezko garrantziari beste osagai bat gehituko zaio. Izan ere, gaur iragarri du Lagun Onakek Oinatz Elustondo omenduko duela klubak zapatuko derbiaren atarian.

Aurten utzi du futbola Elustondok, 2021-2022 denboraldiaren bukaeran, besteak beste, hamabi urtez Lagun Onaken gizonen talde nagusiaren kapitain izan ondoren. "Hamabi denboraldi lehen taldean, eta bizitza oso bat klubaren armarria eta besokoa haundienen erara, duintasunez defendatzen. Mila esker, Oinatz!". Mezu horrekin iragarri du futbol klubak sare sozialetan bere "kapitain handienetariko bat" izandakoari egingo dioten omenaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide