Euskara arnas

Lan munduan ere, lanak ugari

Anartz Izagirre 2022ko abe. 2a, 10:00

Abelur kooperatibako hainbat langile, beren egoitzan lanean.

Lan munduan euskara sustatzeko sortu zen Azpeitian Elegune zerbitzua, eta 2006tik herriko hainbat enpresak jasotzen dute aholkularitza. Euskara arloko askotariko zerbitzua ematen dute.

Euskarak arnas egiten duen lekuetan ere, badira itolarria eragiten duten eremuak. Sarritan hizkuntzen kale neurketetan eta etxeko erabileran jartzen da begirada, eta oharkabean pasatzen da euskarak lan munduan bizirik eusteko duen ezinegona. Gabezia horri erantzuteko asmoz eta euskara enpresetan sustatzeko helburuarekin sortu zen Elegune enpresen hizkuntza-gestiorako gune teknikoa Azpeitian. Udalak sortu zuen zerbitzua Azpeitiko Euskara Patronatuaren bitartez; 2006. urtetik dago martxan.

Nerea Arexolaleiba Eleguneko teknikariak adierazi duenez, Azpeitiko enpresei eta erakundeei "hizkuntza-kudeaketarik egokiena lortzeko laguntza ematea" da Eleguneren xedea; hain zuzen ere, informazioa emateaz, orientazioaz eta aholkularitzaz arduratzen dira. Horretarako, lehenbizi, diagnostikoa egiten dute erakundearen egoera soziolinguistikoa zein den jakiteko, eta bertan jasotzen dituzte euskararen erabileraren eta presentziaren datuak nahiz hizkuntzarekin lotura duten beste hainbat datu. Diagnostikoa oinarri hartuta, enpresaren helburuak lortzeko ekintzak abian jartzen dira, hala nola itzulpen zerbitzua, formazioa, askotariko neurketak, hizkuntza-irizpideak finkatzeko laguntza zein ziurtagiriak lortzeko aholkularitza.

Azpeitiko Udalaren baliabideekin kudeatzen da Elegune, eta doako zerbitzua eskaintzen diete enpresei. Halako zerbitzua duen herri bakarrenetarikoa da inguruan. "Oiartzunen, Arratian eta Durangaldean antzeko ekimenak martxan jarri dira, baina ez da Eleguneren eredu bera", dio Arexolaleibak. Herrian euskarak duen presentziak lan munduan "isla" duela aitortu du hark, baina hutsune nabarmenak ere badaude: "Azpeitiko enpresetako langile gehienak bertakoak edo eskualdekoak dira; beraz, oro har enpresetako kideen euskarazko gaitasun maila altua da. Hala ere, esan behar da Euskal Herriko enpresa eta erakunde pribatuetako euskara planen kopurua oso txikia dela".

Errekonozimendua ere bai

Une honetan zortzi dira Elegunerekin elkarlanean ari diren Azpeitiko enpresak, eta herriko establezimenduen kopuruari erreparatuz gero, zortzi "kopuru txikia" dela dio Eleguneko teknikariak. "Gehienek ez dute hizkuntza-irizpiderik izaten, eta ez dute jakiten hizkuntzaren kudeaketa nola gauzatu", dio Arexolaleibak. Euskaraz hitz egitetik haratago doa kontua: "'Guk euskaraz egiten dugu' entzutea oso ohikoa izaten da enpresetan, baina azterketa egiterakoan konturatzen dira hobetzeko arloak dituztela". Tenikariaren esanetan, euskararen ausentziaren erakusle dira esaterako, langileei ematen zaizkien agiriak — T10, kontratua, Gizarte Segurtantzako agiriak…— eta aplikazio informatikoak.

Dena ez da iluna, ordea. Lan munduan euskararen egoera aldatzeko oraindik ere pauso handiak eman behar diren arren, euskara sustatzeko eta normaltzeko prozesuaren barruan errekonozimendua ere jaso dute hainbat enpresak. Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak dira, esaterako, horren erakusle. Momentuz, Elegune enpresarekin elkarlanean aritu diren lau enpresak jaso dute urrezko Bikain ziurtagiria: K1 Ekopaisaia S.L.L., Abelur kooperatiba, Landeta Burdin Lanak S.L.L. eta Artxara kooperatiba. Zilarrezko Bikain ziurtagiria, berriz, bi enpresak lortu dute: Antzibar S.A.U. eta Biele S.A. Elegunetik ziurtagiri horiek lortzeko laguntza eta aholkularitza jasotzen dute enpresek. 

Elegunerekin lan egiten duten enpresek, gainera, positiboki baloratzen dute bere jarduna. 2009. urteaz geroztik gogobetetze inkestak betetzen dituzte enpresetako Euskara batzordeek; orain arteko emaitzak "oso onak" izan direla azaldu du Arexolaleibak. Igotzen joan da, gainera, gogobetetze maila hori; iaz, esaterako, 9 puntutik gorako balorazioa jaso zuen zerbitzuak. Hain zuzen ere, zerbitzua jasotzeaz gustura dagoenetako bat da Lurdes Alberdi, Abelur kooperatibako kidea. 2004an sortu zuten kooperatiba, eta 2009an jarri ziren Elegunerekin harremanetan, Euskara Plana egiteko. Ordutik, hainbat izan dira euskararen normalizaziorako enpresan eman dituzten pausoak; barne-ebaluaketak, neurketak eta abar egiten dituzte.

Eleguneren ekarpena "izugarria" izan dela nabarmendu du Alberdik: "Abelurren ahozko erabilpena euskaraz da erabat, eta lehen ere hala zen. Baina konturatzen zara ez dela gauza bera gure artean euskaraz hitz egitea edo lana euskaraz egitea. Orduan ikusi genuen zer hutsune genituen, eta Elegunek asko lagundu digu horretan". Euskaraz egiteko arazo handienak enpresatik kanpo dituztela aitortu du azpeitiarrak, esate baterako, banketxeekin, administrazioarekin edo notaritzarekin harremana izan behar dutenetan, eta horrez gain, baita informatika aplikazioak erabiltzean ere. Hala eta guztiz, enpresaren barruan ere badituzte etxeko lanak egiteko: "Urte hasieran Ekintza Plana egiten dugu, eta beti jartzen dugu erronkatxoren bat. Aurten, adibidez, langileen harrera liburua euskaratu dugu". Errekonozimendua ere iritsi zitzaien duela urte batzuk: 2018an urrezko Bikain ziurtagiria erdietsi zuten.

Euskaraldiaren orain arteko edizioetan parte hartu dute, baita aurten ere. Alberdiren arabera, "parte hartze handia" ari da izaten Abelurren, eta hiru arigune ere zehaztu dituzte enpresan, norbanako moduan izena emateaz aparte. Aurten, gainera, pauso bat gehiago eman nahi izan dute: "Euskara Mahaia dugu enpresan, eta langileei gonbidapena bidali genien Hikaldian parte hartzeko. Hor badugu hutsune bat; izan ere, adin batetik gorakook badugu ohitura elkarrekin hika aritzeko, baina oraingo gazteek ez horrenbeste, eta Azpeititik kanpokoak badira, are gutxiago". 

Alberdi "eskertuta" dago herrian Elegune bezalako doako zerbitzu bat edukitzeagatik, eta zerbitzuaren garrantzia azpimarratu du: "Azpeitiko erronketako batek hori izan behar du, lan mundua euskaratzea gainontzeko eremuekin ahaztu gabe. Industrian eta zerbitzuen mailan aurrerapauso bat eman beharko litzateke. Askotan esaten da Azpeitia arnasgunea dela, bada ikus dezatela hori kanpotik ere".

Hasieratik Elegunerekin

Urrestillako Biele Group da Elegune zerbitzua ondo ezagutzen duen beste enpresetako bat. Maider Aizpuru Bieleko kideak adierazi duenez, Elegune sortu zenetik ari dira zerbitzua jasotzen, eta Arexolaleibak "asko" lagundu diela azaldu du: "Enpresetan zer behar dauden galdetuta, batzuek erantzuten dute: 'Ezer ez, gure enpresan euskaraz hitz egiten da'. Hori izaten da betiko erantzuna, baina Elegunek ikusarazten dizu Euskara Plana egiteak zer garrantzi duen". Aizpururen arabera, Bielen 2006tik dute Euskara Plana, eta gainera, hizkuntza-politika definitu zuten 2018an. Iaz, halaber, zilarrezko Bikain ziurtagiria lortu zuten.

Bieleko euskararen egoeraren inguruan egiten duten irakurketa "oso ona" dela nabarmendu du Aizpuruk, nahiz eta kontziente diren hobetzeko gauzak ere badituztela. "Enpresa batean, beste leku askotan bezala, ezin da dena euskaraz egin, baina garrantzitsua da zuk definitu duzun hizkuntza-politika hori betetzen den edo ez ikustea". Bieleko kideak argi du zein diren beren enpresaren mugak, merkatu internazionala baitute: "Bizitzak ez du uzten dena euskaraz egiten, eta kanpoko harremanetan beste hizkuntza batzuk erabili behar izaten ditugu; beraz, mugatuta gaude". Hala eta guztiz, Bieleren barne komunikazioan euskarak duen babesa azpimarratu du hark, eta horren erakusle da, esaterako, Euskaraldiak enpresan duen presentzia: "Zazpi arigune ditugu aurten, eta 250 txapa eskatu ditugu".

Aizpururen esanetan, "pribilejioa" da Elegune zerbitzua herrian doan izatea: "Enpresan zure munduan zaude, eta batzuetan ez da erraza behar hori izan dezakezula ikustea". Hark dioenez, zerbitzua sortu zenean "enpresa dezentek" parte hartu zuten, eta egun ez du horrenbesteko parte hartzerik nabari: "Nire ustez Elegunek komertzial lana dauka egiteko inguruko enpresek zerbitzu hau erabil dezaten, enpresa mailan euskararen arloan ez baitago dena egina".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide