Eñaut Zubizarretarekin ikastaroa eta kontzertua antolatu dituzte urtarrilaren 14rako

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 3a, 08:30

Eñaut Zubizarreta musikaria.

Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak gidatuko du saioa, eta igurtzizko sokazko instrumentuak jorratuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek abenduaren 28ra bitartean eman behar dute izena.

Igurtzizko sokazko instrumentuen masterclassa eta kontzertua izango dira urtarrilaren 14an, Dinamoa sormen gunean. Eñaut Zubizarreta Trigger musikariak gidatuko du saioa; Aretxabaletako (Gipuzkoa) biolontxelo jotzailea da bera, eta instrumentu horren arlo klasikoa nahiz modernoa lantzen ditu. Biolontxeloak musika estilo ezberdinetan nola funtziona dezakeen ikertu eta haren teknika ezberdinak jorratzen ditu. Ikastaroan parte hartzeko interesa dutenek abenduaren 28ra bitartean eman dezakete izena. Izena eman edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek antxieta@antxieta.eus helbidera idatzi behar dute. Kulturaz kooperatibak, Azpeitiko Udalak eta Juan Antxieta musika eskolak antolatu dute saioa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide