Azpeitiko odol emaileei aitortza egin diete Sanagustinen

Andoni Elduaien 2022ko abe. 3a, 12:48

Azken lau urteetan, odol ateraldiak ia erdira jaitsi dira Azpeitian, eta horren aurrean, odol ematera animatzeko dei egin du Iñaki Alberdi Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko ordezkariak. 

Odola 25 aldiz baino gehiagotan eman duten herriko hamahiru odol emaile omendu ditu gaur, larunbata, Odol Emaileen Elkarteak, Sanagustin kulturgunean. 11 gizonek eta bi emakumek jaso dute aitortza gaurkoa. Hain zuzen, odola 25 aldiz eman duten lau herritarrek, 40 aldiz eman duen batek, 50 aldiz eman duten bostek eta 75 aldiz eman duten hiruk jaso dute omenaldia, eta horiek diplomak eta opariak jaso dituzte.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako nahiz Hezkuntza batzordeburuak, Iñaki Alberdi Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko ordezkariak eta elkarteko beste zenbait lagun elkartu dira Sanagustinen, eta odol emaileek horien guztien aitortza jaso dute. Dena den, emaile batzuk baino ez dira izan ekitaldian.

Alberdik azpimarratu du, azken urteetan odol emaileen kopurua jaisten ari dela, eta hori arrazoitzeko zenbait datu eman ditu. 2019an, 1.078 odol ateraldi egin zituzten Azpeitian; 2020an, 784 ateraldi; iaz, 716 ateraldi, eta aurten, 586 ateraldi. 2022. urtean, 26 odol emaile berri hartu dituzte elkartean, baina zenbateko ere hori azken lau urteetako baxuena da. Egoera horren aurrean, herritarrei odola ematera animatzeko deia egin diete Odol Emaileen Elkarteko Azpeitiko ordezkariek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide