Derbi gozoa Lagun Onakentzat, eta omenaldi beroa Oinatz Elustondorentzat

Andoni Elduaien 2022ko abe. 4a, 09:00

Denboraldiko lehen derbia jokatu zuten atzo Lagun Onaken eta Anaitasunaren gizonen talde nagusiek, Garmendipe futbol zelaian. 2 eta 0 gailendu zen etxeko taldea, Manexen eta Jagobaren golei esker. Neurketaren atarian, Oinatz Elustondo kapitain ohia omendu zuen Lagun Onakek.

Urteko hitzordurik berezienetakoa izan zuen atzo Lagun Onaken gizonen talde nagusiak Garmendipen. 17:00etan hasita, Anaitasunaren kontrako derbia jokatu zuen Azpeitiko futbol taldeak, eta garaipen gozoa eskuratu zuen; 2 eta 0 gailendu zen etxeko taldea. Partidaren berezko garrantziari beste osagai bat gehitu zitzaion; izan ere, Lagun Onakek Oinatz Elustondo omendu zuen derbiaren atarian.

Lehen minutuetan, Anaitasuna gehiago izan zen zelaian, baina Lagun Onakek segituan eman zion buelta horri, eta lehen zatiko bi aukera garbienak Azpeitiko taldeak izan zituen. Batetik, Xabi Geretaren erdiraketa baten ostean, buruz baloia atera bidaltzen saiatu zen Jagoba Erdozia, baina ez zuen ondo asmatu. Bestetik, Ander Bengoetxeak baloi bat ondo kontrolatu zuen, baina Anaitasunako atezainak gelditu egin zuen. Anaitasuna ere gerturatu zen pare bat aldiz Lagun Onaken atera, baina aukera garbirik sortu gabe. Horrela zirela, baloi luze batean Jagoba Erdoziak Manex Iradiri pasatu zion baloia, eta hark ezkerrez ondo gurutzatu ostean, gola sartu zuen 38. minutuan. Horrenbestez, 1 eta 0 iritsi ziren atsedenaldira, Lagun Onak aurretik.

Bigarren zatiaren hasieran ere, Anaitasuna hobeto sartu zen partidan. Julen Aramendik aukera bat izan zuen; atezainaren aurrean bakarrik geratu zen, baina hark zutoinera bidali zuen baloia. Hori izan zen Azkoitiko taldeak izan zuen aukerarik garbiena. Ondoren, 65. minutuan, Lagun Onaken bigarren gola iritsi zen: Erdoziak, bakarkako jokaldi batean, atera bidali zuen baloia. 2 eta 0 aurretik jarri zen, beraz, Lagun Onak. Geroago, Anaitasunaren aldeko penaltia adierazi zuen epaileak, Castillok Ander Pastriani egin zion jokaldi baten ostean. Pastrianek berak bota zuen penaltia, baina gora bidali zuen baloia. Ordutik aurrera, Anaitasuna etsita aritu zen azken minutuetan, eta Lagun Onakek, aldiz, beste pare bat abagune sortu zituen Guilloren eskutik, baina hark ez zuen asmatu atearen aurrean.

Horrenbestez, hiru puntu eskuratu zituen atzokoan Lagun Onakek, eta puntuetan berdindu du Anaitasuna; bi taldeek hamahiruna puntu dituzte. Gaur-gaurkoz, hamargarren postuan da Lagun Onak, eta hamabigarrenean Anaitasuna. Lagun Onaken Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldeak, bestalde, atsedena izan du aste honetan.

Partidaren atarian, omenaldia

Neurketa hasi baino ordu laurden bat lehenago, Lagun Onakek omenaldia egin zion Oinatz Elustondori. 2021-2022 denboraldiaren bukaeran utzi zuen futbola hark, besteak beste, hamabi urtez Lagun Onaken gizonen talde nagusiaren kapitain izan ondoren. "Hamabi denboraldi lehen taldean, eta bizitza oso bat klubaren armarria eta besokoa handienen erara, duintasunez defendatzen. Mila esker, Oinatz!", adierazi du klubak.

Lehenik, agurra dantzatu eta lore sorta eman zioten Elustondori senitartekoek, eta ondoren, Iñigo Arregi klubeko presidenteak Lagun Onaken intsignia oparitu zion, oroigarri gisa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide