Herriko sortzaileek plazara atera dituzte beren produktuak

Ihintza Elustondo 2022ko abe. 4a, 15:01

Herriko sortzaileen azoka egiten ari dira Azoka Plazan, Orkatz kultur elkarteak antolatuta. Goizez, jende ugari bertaratu da, eta arratsalez ere izango da bisitatzeko aukera, 16:30etik 19:30era. 18:00etan, gainera, Txalainak taldearen kontzertua izango da.

Orkatz kultur elkarteak antolatuta, herriko sortzaileen azoka egiten ari dira gaur, igandea, Azoka Plazan. Aurtengoa egitasmoaren hirugarren edizioa da, eta gainera, bada berrikuntzarik: izan ere, jantoki zerbitzua eskaintzen ari dira, eta musika emanaldia izango da arratsaldean. Goizean, 11:00etatik 15:00etara zabaldu dute azoka, eta jende ugari bertaratu da; arratsaldean, berriz, 16:30etik 19:30era irekiko dute.

Azpeitiko eta inguruko herrietako sortzaileen askotariko lanak daude azokan, hala nola ilustrazioak, arropa, serigrafia, osagarriak, bitxiak, makrame lanak, keramika, string art lanak, jostailuak nahiz liburuak. Horiek honako sortzaile edo marka hauek eraman dituzte Azoka Plazara: Biziki, Keizpe, Kiribil, Malen Amenabar, Marrak, Oihele, Harri hari, Kike, Magnoliand, Ane, Endredamakina, Ametsen Txokoa, AMLU, Kaori eta Garbiñe Larrea.

Aurtengo berrikuntza gisa, mokadua egiteko aukera eskaintzen ari da Ekotaloak azokan. Antolatzaileek azaldu dutenez, betiko taloetatik desberdintzen diren talo "berezi eta goxoak" prestatzen dituzte. Gainera, Elikaguneko barra irekita izango da, zero kilometro edariak eskaintzeko. Azoka itxi aurretik, 18:00etan, Hertzainak taldearen bertsioak jotzen dituen Txalainak taldeak kontzertua eskainiko du Azoka Plazan bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide