Ostegunean, San Eloi egunez, hasi zituzten Landetako festak, auzo bazkariarekin eta mus txapelketarekin, eta gaur, igandea, jarraitu dute ospakizunekin auzoan. 12:00etan, Lopene ganadutegiko zezen txikiak eta poniak izan dira han, eta 13:00etan hasita, herri kirol erakustaldia egin dute. Aizkoran txanda librean nahiz elkarren kontra aritu dira Otaño eta Txikia IV.a, Larrañaga eta Mendizabal nahiz Patxi Mindegia eta Xuban Kañamares. Harri jasotzen, berriz, Jon Unanue Goenatxo III.ak, Xabier Aranburuk eta Olaia Esnaolak jardun dute. Gainera, motozerrarekin kanaerdiko enborrak ebakitzen erakustaldia eskaini dute. Bestalde, bertsolariak eta trikitilariak aritu dira giroa alaitzen.