Erakusketa, Tuba Jaialdia girotzeko

Julene Frantzesena 2022ko abe. 9a, 09:07

Tuba Jaialdiaren hainbat ediziotako irudiak Sanagustingo hormetan.

Igandera bitartean, Alaitz Ruizen, Alberto Belokiren eta Borja Eizagirreren irudi ugari ikusi ahal izango dira kulturguneko hormetan. Gainera, Oscar Abella Euskal Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlariak osatutako tubaren historiari buruzko panelak ere jarri dituzte han. Gaur hasiko dira Tuba Jaialdiko ekintzak.

Gaur hasiko dira XI. Tuba Jaialdiko ekitaldiak, baina egitasmoa girotzeko, atzoz geroztik aurreko tuba jaialdien edizioetako irudiekin osatutako erakusketa ikusgai da Sanagustin kulturgunean. Igandera bitartean, Alaitz Ruizen, Alberto Belokiren eta Borja Eizagirreren irudi ugari ikusi ahal izango dira kulturguneko hormetan. Gainera, Oscar Abella Euskal Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlariak osatutako tubaren historiari buruzko panelak ere jarri dituzte han.

Gaur, ostirala, Joaquin Diaz Gasteizko bandako tuba bakarlariak, Jose Martinez Espainiako Orkestrako tuba bakarlariak eta Edu Ruano Zaragozako kontserbatorioko irakasleak masterclass bat eskainiko dute 16:00etatik 19:00etara, Udal Musika Bandaren Soreasuko egoitzan. Ondoren, 19:00etan, kontzertua eskainiko dute Joaquin Diazek eta Joana Otxoak, Soreasu antzokian.

Tuba Eguna izango da, ostera, bihar. Egun osoan zehar tubaren bueltako hainbat ekitaldi izango dira. 09:00etan, beroketak eta arratsaldeko kontzerturako entsegua egingo dute, Udal Musika Bandaren egoitzan. Gero, 10:30ean hasita, Oscar Abellak eta David Jimenezek entzunaldi berezia eskainiko dute Soreasu antzokian. Bazkal aurretik, 13:00etan, Duo2arts taldeak eta David Jimenezek Historias de juventud izeneko dantza eta musika ikuskizuna eskainiko dute Soreasun. Bazkalostean, iluntzeko kontzerturako azken entsegua egingo dute parte hartzaileek, eta 19:00etan izango da kontzertu nagusia, Azoka Plazan: tuba eta bonbardino bandaren emanaldia, Beñat Etxaberen gidaritzapean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide