Atzo, igandearekin, bukatu zen Durangoko Azokaren aurtengo edizioa, baina ez liburu aurkezpenen tartea. Izan ere, azokari lotuta, gaurtik hilaren 23ra bitartean hainbat liburu aurkezpen egingo dituzte Euskal Herriko zenbait liburu dendatan, Zu non, han da! egitasmoaren barruan.
Azpeitian izango da aurkezpen horietako bat. Asteazkenean, abenduaren 14an, Nahikari Gabilondo zarauztarrak Tximeletak eta gozokiak (Ibaizabal) haurrentzako ipuina aurkeztuko du Pittinka saltokian, 17:00etan hasita. Yoseba Peñak elkarrizketatuko du idazlea. Gainera, urtarrilaren 7ra arte Durangoko Azokako aurtengo nobedadeak eskuratu ahal izango dira saltoki horretan.