Astelehenean irekiko dute 2023ko Kultur Bonua erosteko aukera

Anartz Izagirre 2022ko abe. 9a, 11:56

2023ko Kultur Bonuak izango duen itxuraren irudi bat. (Kulturaz koop.)

Datorren astelehenetik abenduaren 18ra bitartean 2023ko Kultur Bonua erosteko aukera jarriko dute Kulturaz.eus webgunean. 70 euroko kostua izango du txartel bakoitzak, eta digitala izango da. Kontzertuetarako eta filmetarako hamarna sarrera, antzezlanetarako zein dantzarako sei, haurren ikuskizunetarako beste sei eta kultur proiektuetan zein ikastaroetan parte hartzeko deskontuak bilduko ditu bonuak.

Gero eta gutxiago falta da 2022. urtea amaitzeko, eta horrekin batera, Kulturaz kooperatibak prest du herran askotariko kultur eskaintzaz gozatzeko erabili ahalko den 2023ko Kultur Bonua. Datorren astelehenean, hilak 12, irekiko dute bonua eskuratzeko izen-ematea, eta abenduaren 18a bitartean egongo da erosteko aukera, Kulturaz.eus webgunean; salgai jarriko diren txartelen kopurua mugatua izango da. 70 euroren truke eskuratu ahal izango da Kultur Bonua, eta Kulturazek, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, %50eko deskontua egingo die ikasleei, langabetuei nahiz pentsiodunei, betiere horiek dokumentazio egokia aurkezten badute.

Kulturazek iragarri duenez, datorren urteko Kultur Bonua digitala izango da, eta Kulturazen mugikorreko aplikazioaren bitartez erabili beharko da. Bertan, ekitaldietako sarbideaz gain bonuen erabileraren inguruko jarraipena ere egin ahal izango dute erabiltzaileek. Bestalde, kooperatibako kideek azaldu dutenez, bonuak beren webgunean eskuratu ahalko dira, baina Sanagustin kulturgunean banatuko dituzte; aurrerago zehaztuko dute noiz izango den banaketa.

Ekitaldietarako sarrera sorta

Kultur Bonuaren bitartez, Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian edota Dinamoa sormen gunean egingo diren sarreradun ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute erabiltzaileek, dohainik. Honakoak dira bonuan sartzen diren ekitaldiak: kontzertuetarako eta filmetarako hamarna sarrera, antzezlanetarako zein dantza ikuskizunetarako sei, haurren ikuskizunetarako beste sei eta kultur proiektuetan zein ikastaroetan parte hartzeko deskontuak.

Bonu bakoitzarekin ekitaldiko bi sarrera hartu ahal izango dira gehienez, eta ekitaldi horietarako sarrerak aurrez hartu beharko dira, Kulturaz.eus atarian. Nabarmendu dute derrigorrezkoa izango dela ekitaldira sartu aurretik Kulturazen app-aren bitartez bonua erakustea. 

Kultur eskaintza zabala

Bonuaren nondik norakoen berri emateaz aparte, datorren urteko eskaintzaren berri ere eman dute kooperatibako kideek. Honakoak dira 2023rako programatuta dituzten hainbat kontzertu: Ro, Trini Fox, Willis Drummond, Neomak, Ruper Ordorika, Kaleko Urdangak, The Reapers, Rotten XIII eta ETS. Arte eszenikoetan, berriz, honakoak iragarri dituzte: Kantu Kolore, Ama, Basotik Itsasora, Pirritx eta Porrotx, Frozen eta hainbat bakarrizketa. Horrez gain, zinema eskaintza zabalaz eta sormen tailer ugariz gozatzeko abagunea izango dute erabiltzaileek. Datak gerturatu ahala, ekitaldi gehiagoren berri emango dute.

Aurtengoa Kultur Bonuaren 11. edizioa izango da; 2013. urtean izan zen lehen edizioa. Kulturazen esanetan, "oso harrera ona" izan du egitasmoak sorreratik hona. "Kultur Bonua izan da herritarrei kultura eskura jarri eta kultur komunitatea indartzeko tresnetako bat. Azken urteotan kulturzale berriak sortzeko estrategiak diseinatzen dihardugu; kulturak etorkizunik izango badu, ezinbestekoa da dugun ikuslegoa indartu eta belaunaldi berriak erakartzea", azaldu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide