Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaroa antolatu du udalak

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 10a, 09:22

Izarraizpeko baratze parkea.

Fraisoroko irakasleek emango dute, abenduaren 14tik 22ra, eta 25 ordukoa izango da. Lehen sektoreko profesionalentzat edo nekazaritza txartela dutenentzat da ikastaroa, eta izen-ematea irekita dago.

Produktu fitosanitarioen aplikatzaile txartela ateratzeko ikastaro berri bat antolatu du Azpeitiko Udalak datozen bi asteetarako, lehen sektoreko profesionalei edo nekazaritza txartela dutenei zuzenduta.

25 ordu izango ditu ikastaroak eta abenduaren 14tik (datorren asteazkena) 22ra emango dute Sergio Alaya eta Egoi Martioda Fraisoro eskolako irakasleek. Abenduaren 14an, 15ean, 16an eta 19an 15:00etatik 19:00etara izango dira ikastaroko saioak, eta abenduaren 20an eta 22an 15:00etatik 20:00etara; azken egun horretan, azterketa egin beharko dute parte hartzaileek.

Izen-emate epea irekita du udalak. Izena emateko edota ikastaroaren gaineko informazioa eskatzeko, hezkuntza@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 943-25 50 06 telefono zenbakira deitu behar da. Azpeitian erroldatutakoentzat 33 eurokoa da matrikula, eta Azpeitian erroldatuta ez daudenek, berriz, 41 euro ordaindu beharko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide