Bi talde nagusiei bultzada emateko, saskibaloi zaleen babesa eskatu du Iraurgik

Nerea Uranga 2022ko abe. 10a, 11:00

Juaristi ISBren partida bat. (Argazkia: Mikel Amenabar 'Otola')

Denboraldiari aurre egiteko, indarrak batu nahi ditu saskibaloi klubak. Urrezko LEB ligako Juaristi ISBk bihar, igandea, etxean Azpeitiko kiroldegian jokatuko du, 18:00etan, Albaceteren kontra. ISBko bazkide bakoitzak doan bi sarrera izango ditu partida ikusteko.

Denboraldia oso pattal dihoakio Urrezko LEB ligako Juaristi ISBri. Hamar jardunaldi jokatu ditu dagoeneko, eta horietatik bakarra irabaztea lortu du, Oviedoren kontrakoa. Lehiarako ilusioa berpizteko, saskibaloi zaleen babesa eskatu du klubak.

Asteburu honetan, bihar, Albaceteren aurka jokatuko du, 18:00etan, Azpeitiko kiroldegian. Partida ikusteko ISBko bazkide bakoitzak bi sarrera doan eskuratzeko aukera izango du. "Urrezko LEB liga berez da konplikatua gu bezalako klub batentzako, baina gaur egun dugun egoera zaila da. Denboraldiaren bukaera arte bizirik ailegatzea da guk nahi duguna, lehiarako gogoz jardutea, alegia. Gero, mailaz jaitsi ala ez bigarrengo kontu bat bat da Iraurgirentzat. Hori partida bakoitzeko kontua bezala da: partidaren bukaerara arte ere bizirik iristea da nahi izaten dena, lehiatzea. Gero, partida galtzen bada, galduta; baina bidean borroka egin behar da, bestela bidean usteltzeko arriskua dago", azaldu du Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi saskibaloi klubeko kirol zuzendariak.

Etxean jokatzen dituzten partidetan zaleen babesa eskatu dute, baina taldea indartzeko ahalegina ere egingo du klubak, Xubiren arabera: "Fitxajerik egiteko aukerarik dagoen begiratu beharra daukagu; 11. jardunaldian gaude, eta bestela nola iritsi behar dugu 34. jardunaldira?".

Emakumeen bi partida

Challenge Ligako Domusa Teknik ISBren egoera ere ez da samurra. Hamahiru jardunaldi jokatu dituzte, eta horietatik hiru irabazi eta bederatzi galdu dituzte. "Gainera, taldeko jokalari onena, Juana Molina lesionatu egin da, eta hilabeteko baja du aurretik. Bestalde, aukera txarra egin genuen Brooke Bjelko amerikarra fitxatuta, eta hura dagoeneko etxera joan da", kontatu du Xubik. Bjelkoren ordez beste jokalari bat fitxatu dute, "Gabonetan batuko da jokalari berria taldera".

Domusa Teknik ISBk gaur jokatuko du, Coruñan (Galizia), Ferrolen kontra. Datorren astean, baina, bi partida izango ditu etxean, biak Azkoitiko kiroldegian. Asteazkenean, hilaren 14an, 20:00etan, Melillaren kontra, eta abenduaren 17an, larunbatean, 17:00etan, Canoeren aurka.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide