Oscar Abellaren eta David Jimenezen entzunaldiarekin hasi da XI. Tuba Eguna

Anartz Izagirre 2022ko abe. 10a, 12:16

Egun osoko egitaraua izango da gaur tubazaleentzat. Izan ere, herenegun hasi zen XI. Tuba Jaialdiaren barruko Tuba Eguna da gaurkoa. Oscar Abellak eta David Jimenezek entzunaldi berezia eskaini dute goizean goiz Soreasu antzokian, eta beste bi ekitaldi izango dira arratsaldean.

Tubazaleentzat hitzordu garrantzitsua da gaurkoa. Izan ere, Tuba Eguna ari dira ospatzen goizetik, eta egun osorako egitaraua antolatu dute. Aurten, Tuba bizi, musika bizi leloarekin itzuli da Tuba Jaialdia bi urteko etenaren ostean, eta herenegun hasi ziren egitasmoaren XI. edizioaren barruko ekitaldiak. Hain zuzen ere, joan den ostegunaz geroztik ikusgai dago tuba jaialdien edizioetako irudiekin osatutako erakusketa Sanagustin kulturgunean. Alaitz Ruizen, Alberto Belokiren eta Borja Eizagirreren irudi ugari ikusi ahal izango dira igandera bitartean kulturguneko hormetan. Gainera, Oscar Abella Euskal Orkestra Sinfonikoko tuba bakarlariak osatutako tubaren historiari buruzko panelak ere jarri dituzte han.

Atzo, bestalde, Joaquin Diaz Gasteizko bandako tuba bakarlariak, Jose Martinez Espainiako Orkestrako tuba bakarlariak eta Edu Ruano Zaragozako kontserbatorioko irakasleak masterclass bat eskaini zuten Azpeitiko Udal Musika Bandaren Soreasuko egoitzan, eta ondoren, 19:00etan, kontzertua eskaini zuten Joaquin Diazek eta Joana Otxoak, Soreasu antzokian.

Gaur, Tuba Eguna izaki, goizean goizetik hasi dira ekitaldiak herrian. Hasteko, 10:30ean hasita, Oscar Abellak eta David Jimenezek entzunaldi berezia eskaini dute Soreasu antzokian. 13:00etan izango da hurrengo kontzertua, Duo2arts taldeak eta David Jimenezek Historias de juventud izeneko dantza eta musika ikuskizuna eskainiko baitute Soreasun. Horrez gain, bazkalostean iluntzeko kontzerturako azken entsegua egingo dute parte hartzaileek, eta 19:00etan izango da aurtengo kontzertu nagusia, Azoka Plazan: tuba eta bonbardino bandaren emanaldia, Beñat Etxaberen gidaritzapean. Tuba Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, emanaldia "oso berezia" izango da, Juan Carlos Ribelles zuzendaria omentzeaz gain, Donostiako Easo Txiki abesbatzak ere parte hartuko duelako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide