Tuba eta bonbardino bandaren emanaldiarekin itxi dute XI. Tuba Jaialdia

Anartz Izagirre 2022ko abe. 11a, 10:16

Egun oparoak izan dira joan direnak tubazaleentzat; izan ere, ostegunetik larunbatera bitartean hainbat kontzertu zein ekintza egon dira Azpeitian. Atzo, zapatua, Tuba Eguna ospatu zuten, eta tuba nahiz bonbardino bandaren emanaldiarekin itxi zuten egitaraua. Juan Carlos Ribelles zuzendaria omendu zuten, gainera, bertan.

Beste urte batez tuba doinuez gozatzeko abagunea izan da Azpeitian. Joan den ostegunetik hasi eta larunbatera bitartean hainbat izan dira XI. Tuba Jaialdi honetan izan diren kontzertuak eta ekintzak, eta atzorako egun osoko egitaraua zuten prestatuta antolatzaileek. Izan ere, Tuba Eguna egin zuten atzo, eta goizean goizetik hasita kontzertuak izan ziren herrian. Oscar Abellaren eta David Jimenezen entzunaldiak ireki zuen atzoko eguna, eta 13:00etan izan zen hurrengo kontzertua, Duo2arts taldeak eta David Jimenezek Historias de juventud izeneko dantza eta musika ikuskizuna eskaini baitzuten Soreasun.

Ekitaldi nagusia, ordea, arratsaldean izan zen, Azoka Plazan. Han zuzen ere, tuba eta bonbardino bandaren emanaldia izan zen bertan, Beñat Etxaberen gidaritzapean. Kontzerturako antolatutako egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan zuten bertan antolatzaileek, eta berezia izan zen emanaldia; izan ere, batetik Juan Carlos Ribelles omendu zuten, eta bestetik, Donostiako Easo Txiki abesbatzak parte hartu zuen emanaldian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide