Sukaldaritza Sortzenen finala irabazi du Elaia Lazkanok

Anartz Izagirre 2022ko abe. 11a, 11:00

Elaia Lazkano eta Sara Rodriguez, Sukaldaritza Sortzenen saria jasotzean.

Atzo, zapatua, Sukaldaritza Sortzen egitasmoaren finala jokatu zuten Donostiako San Martin merkatuan, eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Elaia Lazkano ikasleak urrea bereganatu zuen bertan. Laguntzaile izan zuen hark Sara Rodriguez.

Gipuzkoako Sukaldaritza Sortzen egitasmoa irabazi du Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko Elaia Lazkano ikasleak. Atzo, zapatua, jokatu zuten finala Donostiako San Martin merkatuan, eta bertan lehen postua bereganatu zuen azpeitiarrak, Sara Rodriguez laguntzailearekin batera. Lazkanok Ordiziako Jakintza Ikastolako Markel Muguruzaren eta Tolosako Felix Samaniego Ikastetxeko Alma Perezen aurka neurtu behar izan zituen indarrak finalean.

Hiru finalistek sukalderako duten trebetasuna erakutsi behar izan zuten atzoko proban, eta Javier Rivero, Xabier Martinez eta Tomas Imaz izan ziren partaideen platerak dastatzeaz eta puntuatzeaz arduratu ziren epaileak. Horiek erabaki zuten Lazkanoren eta Rodriguezen platera zela urrea jasoko zuena. Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen nahiz Miren Zelaia San Martin merkatuko zuzendariaren eskutik jaso zuten saria Lazkanok eta Rodriguezek.

Joan zen urriaren 18an Karmelo Etxegaraiko Urkia taldeko ikasleek Sukaldaritza Sortzen egitasmoan parte hartu zuten, Azpeitian. Herriko azokan garaiko produktuak erosi zituzten, eta ondoren, albondigak saltsan prestatzen ikasi zuten Frontoi Txikian. Etxean errezeta bera prestatuz bideo bat grabatu zuten nahi zuten ikasleek, eta herri bakoitzetik irabazle bat aukeratu zuten. Lau herrik parte hartu dute egitasmo honetan: Tolosa, Ordizia, Donostia eta Azpeitia.

Elaia Lazkano (ezkerrean) eta Sara Rodriguez (eskuinean), kozinatzen San Martin merkatuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide