Garaipenik gabeko asteburua izan da Lagun Onaken talde nagusientzat

Anartz Izagirre 2022ko abe. 11a, 11:48

Lagun Onaken bi talde nagusientzat ez da jardunaldirik emankorrena izan asteburu honetakoa. Izan ere, neskek 2-3 galdu dute etxean Mariño taldearen aurka, eta mutilek puntu bat erdietsi dute Arrigorriagan.

Garaipenik gabeko jardunaldia izan da asteburu honetakoa Lagun Onaken bi talde nagusientzat. Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako emakumeek etxean jokatu zuten partida atzo, zapatua, eta 2-3 galdu zuten norgehiagoka Irungo (Gipuzkoa) Mariño taldearen aurka. Ez zen partida erraza aurreikusten, irundarrak sailkapeneko hirugarren postuan baitaude egun, eta Unai Urbizuren taldea baino gehiago izan ziren zelaian. Atzoko porrota gorabehera, eta 12. jardunaldiko partida guztiak oraindik jokatu ez diren arren, sailkapeneko 7. postuan jarraitzen du nesken talde nagusiak.

Espainiako Hirugarren Mailako mutilek ere atzo jokatu zuten partida Arrigorriagan (Bizkaia) Padura taldearen aurka, eta haiek ere ezin izan zituzten hiru puntuak eskuratu. Norgehiagokan bi taldeek ez zuten baloirik sareratzerik lortu, eta hutsean amaitu zen partida; beraz, Ander Avellanedak zuzentzen duen taldeak puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen 13. jardunaldiko atzoko partidan. Egun, sailkapeneko 11. postuan dago taldea.

Hurrengo jardunaldia

Emakumeen talde nagusiak 13. jardunaldia izango du datorrena, eta sailkapeneko azken postuan dagoen Bergara izango dute aurkari, etxetik kanpo. Gizonen taldeak, bestalde, etxean jokatuko du 14. jardunaldia. Cultural de Durango taldea izango dute aurkari, sailkapeneko 6. postuan dagoen taldea, hain zuzen ere.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide